Miren Amurizak irabazi dau Igartza saria

Bizkaie! 2017-09-07 13:38   Kulturea

Paperezko txoriak nobelearen proiektua garatu ahal izango dau horri esker.

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpreseak antolatzen dabe urtero Igartza saria, euskerazko proiektu literarioei bultzadea emoteko. Aurkeztutako hautagai guztien artean, Miren Amuriza berriztarraren alde egin dau epaimahaiak, lehiaketearen 20. edizino honetan. Hortaz, sariketako arauen arabera, urtebete izango dau Paperezko txoriak nobelea amaitzeko.

Hiru pertsonaia nagusi izango ditu elebarri horrek: Sabina Leizardi, bizi osoa baserrian pasau dauen baserritarra, haren alaba Karmele eta, azkenik, ilobea, Oihal. Euren burua berreregi beharko dabe hirurek, familia barruko talka eta gorabeheren ondorioz. Bakardadea, edadekoak jagotea, senideen ausentziak... gizakien sentimenduakaz lotutako gaiak landuko ditu Amurizak bere nobelan.

Familia bereko hiru belaunaldiren bidez, istorio latza eroango dau Amurizak papelera, gogoetarako tartea lagata. Pertsonaiak muturreko egoeretan kokatuko dituala azaldu dau autoreak. Ganera, Sabinaren gaztetako gomutak be tartekatuko dira nobelan. 1950eko hamarkadan, aberats batzuen etxean neskame zala, erretratu batzuk egin eutsiezan Sabinari eta hareen bila hasiko da Oihal lobea.

Paperezko txoriak Miren Amurizaren lehenengo nobelea izango da. Lehendik be ibili izan da idazten, baina. besteak beste, prentsan dabil, zutabegintzan. Era berean, gaur egungo bertsolaririk ezagunenetako bat da Bizkaian.

Igartza saria idazle gazteei bultzadea emoteko antolatzen dabe urtero. Aurrerago euskal literaturan ibilbide oparoa egin daben idazleak saritu izan ditue aurreko edizino batzuetan, esaterako Julen Gabiria, Karmele Jaio, Unai Elorriaga, Uxue Alberdi eta Katixa Agirre.

Epaimahaian Igor Estankona, Garazi Kamio eta Ana Jaka egon dira aurten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu