Konpartsakide Eguna ospatuko dabe zapatu honetan Bilbon

Bizkaie! 2017-07-11 12:36   Kulturea

Aste Nagusian umeen parte hartze aktiboa bultzatu nahi dabe Konpartsako kideek.

Urtero legez, Bilboko Konpartsakoek egun berezia antolatu dabe garagarrilaren 15erako. Egun osorako ekimenez beteriko egitaraua aurkeztu dabe gaur goizean, Bilbon eta 2.000 kide batzea aurreikusten dabe. Zapatuan, beraz, umeak, gazteak, edadekoak, jaizale eta Aste Nagusiaren zale amorratuak lapikoak berotzen hasiko dira. Izan be, Aste Nagusirako atzera kontua hasi da. Antolatzaileen arabera, Jai-eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen lehen abisua dakar Konpartsakide Egunak.

Zapatuko jaiagaz bat egin nahi dauenak tomate eta piper berdeen dobako dastaketeagaz gozetako aukerea izango dau Bilboko Arenalean eta Bizkaiko Txakolinaren botila batzuk banatuko ditue topa egiteko.

Aurten, ganera, barrikuntza bi aurreratu nahi izan ditue Konpartsetako ordezkariek. Batetik, umeak modu aktiboagoan inpliketakoko konpromisoa. Azaldu dabenez, orain arte hainbat eta hainbat ekimen prestau eta programau doguz gure txikientzat, eta urte honetan, pausu bat harago joan nahi izan dogu eta umeei protagonismo osoa emon. Konpartsakide Eguneko umeentzako ekintzak eurek diseinau ditue, eurek pentsau eta heurek erabagi ditue. Ziur gagoz asko dabela guri erakusteko eta zeregin horretan jarraitzeko asmo sendoa dogu.

Bestetik, Aste Nagusirako lehiaketa gastronomikoan eskaintza barri bat aurkeztu dabe: astelehen nagusira zabalduko da ekimena, egun bat irabaziz. Honetan, ortuko produktuakaz soilik egindako platera izango da protagonistea. Aurkezpenean azaldu dabenez, persona beganoen urtetako eskaria sartuko dogu Bilboko Konpartsen programazino gastronomikoaren eskaintzan. Patatak saltsa berdean, aspaldiko garaitik gaurdaino gure etxeetako suteetan mantendu dan plater tradizional eta erakargarria. Horregaitik, lapikoak ganbaretatik ateratzen hasteko konbita egin deutsie  Konpartsako kideek Bilbotar guztiei.

Amaitzeko, Konpartsakide Egunean ez eze, urte osoan zehar eta jai-esparru guztietan oro har emakumeak jaiak libre bizi behar dituala gogorarazo nahi izan dabe, jai herrikoiak benetakoak izateko, ez dogu erasotzailerik onartuko! Ez Bilbon ezta inongo jaietan be!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu