Karla Tobar eta Nagore Legarreta Wroclaw urian egonaldi artistikoetarako aukeratu ditue

Bizkaie! 2017-07-06 09:33   Kulturea

Donostia 2016gaz sortutako egitasmoari jarraipena emon nahi deutsie Etxeparek eta Poloniako Artist in Residence Programme erakundeak.

Nagore Legarretaren lana (argazkia:Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Poloniako Wroclaw uria Donostiagaz batera, Europako Kultura Uriburua izan zan igaz eta bertan egingo ditue bi artistek egonaldiak. Orain arte Donostia 2016 Fundazinoak Etxepare Euskal Institutuagaz eta beste eragile batzuekaz alkarlanean landutako joan-etorriak programearen barruan gauzatzen ziran egonaldi honeei jarraipena emongo dautsie honenbestez, Etxeparek eta Wroclaw-ko Artist in Residence Programme (AIR Wro) erakundeak. Aurten laugarren aldia da egitasmoa martxan jarten dabela.

Edizino honetan aukeratu dituen artistak eta honeen proiektuak aurkezteko Donostian egin dan prentsaurrekoan, Miren Arzalluz, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, adierazo dau egonaldi artistiko honeen bidez, Donostia 2016ren legatuari jarraipena emoteagaz batera, euskal artistei prestakuntzea eta zabalkunderako aukera interesgarria eskaintzen jakela.

Era berean, Krzystof Maj Wroclaw 2016 bulegoko zuzendari nagusiak ekitaldira bialdu dauen testuan bere poza adierazo dau, Donostia eta Wroclaw urien artean hasi zan egitasmo honek jarraipena izan dauelako 2016 urtea pasauta bere. Bere ustez, gaur egun daben helburu nagusietako bat uriburutzan prestakuntza garaian sortutako nazinoarteko harremanen potentziala garatzea da. Harreman honeek kontu bereziz jagon beharreko legatua dirala esan dau.

Guztira, 15 izan dira aurkeztu dituen proiektuak eta horreetatik Karla Tobar eta Nagore Legarretarenak izan dira aukeratuak. Lehenak, espazio publikoaren eta arkitekturearen ikuspuntu alternatiboa erakutsiko dauen ekintza artistikoa egingo dau; bigarrenak, barriz, Wroclaw-eko Odra ibaiari ikusteko gaitasuna emongo deutso kamera estenopeikoak erabiliz. 

Era berean, egonaldiaren barruan, aukeratutako artistek berbaldi bat eskainiko dabe eta egonaldiaren emoitzen aurkezpena egingo dabe irailaren 20tik 22ra Wroclaw-en egingo dan City and Culture izeneko nazinoarteko biltzarrean.

Egonaldia garagarrilaren 31tik irailaren 24ra izango da; horretarako, artista bakotxak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko dau eta proiektua aurrera ateratzeko produkzino, promozino eta komunikazino babesa jasoko dabe antolakuntzatik. Era berean Wroclaw-era joan-etorriko hegaldia eta ostatua ordainduko deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu