Juan Sebastian Elkanok Fundazinoa dauka bere sorterrian

Bizkaie! 2017-07-06 08:25   Kulturea

Bart aurkeztu dabe Mundubira 500: Elkano Fundazinoa, Getariako itsasgizonaren jarduna goraipatzeko helburuagaz.

Alkarlana ardatz, Getariako Udalak, Urola Kostako Udal Alkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak eratu dabe, Juan Sebastian Elkanok, Getariako itsasgizonak, 1519-1522 bitartean emondako lehen mundu birearen bostehungarren urteurrena ospatu eta goraipatzeko asmoz eta urteurrenaren harira antolatu diran ekimenen barri emoteko.

Fundazinoak gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako itsasoak izan eta dauen garrantzia balioan jarriko dau.

Erakunde eta udal ordezkari ugari batu dira Fundazinoaren aurkezpenean: Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea; Igor Iturain, Urola Kosta Udal Alkarteko lehendakaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Markel Olano Diputadu Nagusia eta Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputadua; Eusko Jaurlaritzako Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua.

Guztiek azpimarratu dabe Juan Sebastian Elkanoren figurea eta haren irudia, historia, ondarea eta garrantzia zabaltzeko Fundazinoaren sorrerearen beharra: Elkanoren erreferentzialtasuna Getariaz, Urola Kostaz, Gipuzkoaz eta Euskal Herriaz harago doa. Espedizino harek egindako aurkikuntzak oso baliogarriak izan dira mundu zabalean. Fundazinoak Elkano bera, eta itsasoa jarriko ditu balioan, lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialean izan daben garrantzia balioan jarriz.


Aurkezpen ekitaldia Xabier Alberdi historialariak gidatu dau, eta bertan Anne Marie Christophe De Lardizabali, Laurgaingo torrearen jaubeari, omenaldi berezia egin jako, Elkanoren ondarea gorde izanagaitik. Hain zuzen, pasa dan urteko martian galdutzat emoten ziran zortzi dokumentu topau ziran torrean. Zortzi agiri horreetatik bereziena munduari birea emon ostean Elkanok Gorteei emondako erantzuna jasoten dauena da.


Mundubira 500: Elkano Fundazinoa

Fundazinoaren helburu nagusia 1519-1522 urte bitartean Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak emondako mundu birearen V. mendeurrena ospatu eta goraipatzea da; baita itsasoak garapen ekonomikorako eta sozialerako izan eta dauen garrantzia balioan jartea. Izan be, euskaldunok itsasoaren inguruan dogun izakera sortzailearen, antolatzailearen eta ekintzailearen erakusletzat joten baita jazoera historikoa.

Fundazinoak itsasoaren indarra oinarri hartuta, kulturea, turismoa, industria, merkataritzea eta hezkuntza arloak sustatzea dau helburu eta ardatz. Horretarako, eta mundu birearen inguruan zeresana izan leikien jazoerak, ekintzak eta abar bultzatzeko azpiegiturea sortu da. Etorkizunean kongresu, ikastaro, mintegi, konferentzia, erakusketa eta erakustaldi monografikoak, artikulu, liburu, aldizkari eta ikus-entzunezkoen topagune izango da, guztiak Elkanok munduari emondako lehen birea ardatz.

Partaidetza eta alkarlan sareen bidez Getariako marinelak egindako balentria balioan jarriko da, Elkanoren figurea eta horregaz lotuta dagoan tradizinoa belaunaldi barriei helarazoteko ahalegina eginez. Hori guztia Fundazinoak gidatuko dau bestelako erakunde publiko nahiz pribatuakaz, maila lokalean zein nazinoarte mailan, alkarlanean. Fundazinoa bera be alkarlanean abiatu da. Getariako Udalak, Urola Kostak Udal Alkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak eratu dabe Eusko Legebiltzarreko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ahobetezko babesagaz.

Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea, izango da Fundazinoko presidentea; Fundazinoko patronatua osotuko da, Fundazinoko presidenteagaz, Urola Kostako Udal Alkarteko lehendakariagaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputadu Nagusiagaz eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Garapena eta Lehiakortasunerako kontseilari bategaz. Zuzendaritza Batzorde batek helburuak zehaztu eta ekimenak bideratuko ditu; eta azkenik, administrari batek harrera zerbitzuaren eta kontuen erantzukizuna izango dau.


Elkanoren ondarea

2019. urtetik 2022. urtera doan tartea berezia izango zala orain bost mende iragarri eban Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak. 1519. urtean, Fernando Magallanesen gidaritzapean bost itsasontzi eta 200 pertsona inguruz osotutako espedizino bat abiatu zan Atlantikoaren hego-mendebaldean barrena Asiarako bidea topetako asmotan. Danetara, hogeita hamar euskaldunak ziran, tartean Elkano.

Magallanesek Ozeano Barea lehen aldiz zeharkatzea lortu eban; baina zoritxarrez, bere heriotzeak aginterik barik itxi eban espedizinoa. Ausart, Elkano bilakatu zan gidari eta bere buru zan Nao Victoria itsasontziak lehen aldiz munduari birea emotea lortu eban, mendebaldetik joanaz eta ekialdetik itzulita. Hiru urteko bidaiaren ondoren, hemezortzi itsasgizon soilik itzuli ziran etxera. Espedizino hark egindako aurkikuntzak ez ziran edozelakoak izan eta erabat baliogarriak izan ziran mundu mailan; alderdi ekonomikoan egindako ekarpenez gan lurra biribila zala frogatu eban bidaiak. Era berean, Atlantikoaren eta Barearen artean itsas loturea baegoala egiaztatu zan eta lurralde zein kultura barriei buruzko informazino baliotsua eskuratu zan.

Ez da edozelakoa orain 500 urte Elkanok egindako balentria hori eta urteurren hori ospatzea ezinbesteko ekimena da. Gure gizarteak beti izan dau itsasoagaz lotuera eta itsasoak gure gizartean izan dauen eragina ezagutarazotea ezinbestekoa da, ganerako sektoreetan be zuzeneko eragina dauelako. Horrezaz gan, ezin da ahaztu, mundu bira honetan erabilitako teknologiak euskal industriaren zigilua dauela, gure industriaren indarra eta lan egiteko modua balioan jarriz.

Mundu mailako efemeride hori goratzeko asmotan lehorreratu eta jaio da Mundubira 500: Elkano Fundazinoa. Harek lortutakoa eredutzat hartuta, Getaria, Urola Kosta eskualdea, Gipuzkoa eta Euskal Herria Europara eta mundu osora zabaltzeko bitartekoa abian da jada; itsaso eta lur desbardinak zeharkatzeko prest da barriro bere Elkano.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu