Bilboko Arte Eder Museoak Thomas Schütteren (1954) 'Stahlfrau NR. 16' obrea jarriko dau ikusgai gaurtik aurrera

Bizkaie! 2017-07-05 09:21   Kulturea

Schütte artista alemana bere belaunaldiko autortuenetakoa da eta aniztasun handiko lanak egiten ditu.

Alicia Koplowitz - Grupo Omega Capital Bildumea erakusketako 89 piezetako bat da, eta Bilboko Arte Eder Museoak lehen aldiz jarriko dau ikusgai espainiar Estaduan, garagarrilaren 28tik aurrera, Petronorren babesagaz. Museoak Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– aurkeztu eta Bildumako bigarren obra hori gaurtik aurrera egongo da ikusgai, Chillida Hallean. Bilboko Arte Eder Museoak Thomas Schütte (1954) artistearen Stahlfrau Nr.16 –2004– obrea kokatzeko lanak egin ditu bart, eta garagarrilaren 5etik aurrera bisitau ahal izango da, museoko Chillida Hallean. Alicia Koplowitz - Grupo Omega Capital Bildumea erakusketatik ekarritako bigarren obrea da, izan be, maiatzean, Anselm Kieferren (1945) Le Dormeur du Val (2014) aurkeztu eben. Biak ala biak garagarrilaren 28tik aurrera ikusi ahal izango dan 89 piezako erakusketearen parte dira.

Thomas Schütte (1954) artista aleman garaikidea bere belaunaldiko autortuenetakoa da. Aniztasun handiko lanak egiten ditu: margolanak, eskulturea, arkitekturea, instalazinoak eta diseinua, hain zuzen be. Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– Frauen (Emakumeak) seriearen parte da. Altzairuz, brontzez eta aluminioz egindako 18 eskulturako multzo hori 1998. eta 2006. urteen artean sortu eban egileak, eta, bertan, hainbat jarreratan etzandako emakumeak agertzen dira, altzairuzko mahaien gainean. Figuretako batzuek emakumezkoen biluzi klasikoak gogorarazoten deuskuez, eta beste batzuk monumentalak dira, gorputz-atalak moztuta edo distorsionauta ditue, eta, hain dagoz modu boteretsuan bihurrituta, ezen ia ez jakela forma femeninoa atzemoten. Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– obran jazoten dan legez, eskultura guztiak giza gorputzaren irudikapenak dira, hainbat egoera fisiko eta emozionaletan, danak be eskala handian.


Alicia Koplowitz- Grupo Omega Capital Bildumea

Azken hamarkadetan, Alicia Koplowitzek Europako bilduma artistikorik esanguratsuenetakoa osotu dau. Bilboko Arte Eder Museoko erakusketea punta-puntako jazoera artistikoa da, izan be, lehen aldiz, bildumako obren aukeraketa zabala aurkezten dau gure publikoaren aurrean, artearen historiako maisuen zerrenda apartagaz. Danetara, 89 pieza dira: margolanak eta marrazkiak –XVI. mendetik XXI. mendera bitartekoak–, eta eskulturak –Antxinaro klasikotik hasi, eta gaur egunera arte–.

XVI. eta XVII. mendeetako eskola espainiarreko maisuen artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán eta Arellano nabarmentzen dira. XVIII. mendean, protagonista nagusia Goyaren talentua da, bai eta haren garaikide ziran Esteve edota Paret bere. Mende horretan bertan, presente dagoz eskola italiarrak –Guardi, Canaletto eta Tiepolotarrak, besteak beste– eta frantziarra –Hubert Robert–. Espainiako XIX. mendeari jagokonez, Raimundo de Madrazoren lana jarriko da ikusgai. Posinpresionismo frantsesa oso goi-mailan dago ordezkatuta, Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrecen obrakaz.

XX. mendean sartuta, Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares eta Barcelóren margolanak nabarmentzen dira, arte espainiarrari jagokonez; eta Mondrian, Modigliani, Schiele, Van Dongen, Willem de Kooning, Mark Rothko, Cy Twombly, Lucian Freud, Lucio Fontana edota Anselm Kieferrenak, nazinoarteko testuinguruari erreparauta. Atal garaikidea osotzeko, Gargallo, Julio González, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Fausto Melotti, Louise Bourgeois edota Donald Judden eskulturak egongo dira ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu