Bilboko Antzerki Eskolen Jaialdia martxan dago domekara arte

Bizkaie! 2017-06-15 11:55   Kulturea

Campos Eliseos antzokian izango dira Fetabiko ikuskizunak, SGAE Fundazinoak antolatuta.

Igaz Utopian taldekoek irabazi eben ikuskizunik onenaren saria (argazkia: SGAE Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Seigarren edizino honetan, Euskal Herriko sei antzerki obra dakarz Fetabi edo Antzerki Eskolen Jaialdiak: Bilbotik Con la que está cayendo eta Asociación Artística Vizcaina alkarteek sortutako bi, Anima eskolako bat, Getxoko Antzerki Eskolako beste bat, Portugaleteko Arteko gunearena eta Iruñeko Mutis por el Foro taldearena. Kanpotik, barriz, Logroñoko Tecu taldea eta Madrilgo Unibersidade Autonomoko Alvaro Fernandez Caboallesek aukeztutakoa ikusi ahal izango dira Bilbon.

Antzerki eskola ofizialetako eta ez ofizialetako ikasleek osotutako konpainiek parte hartu leikie Fetabin. Antzerkigintzea bultzatzea eta formakuntzan sakontzea da Antzerko Eskolen Jaialdi honen helburu nagusia. Dana dala, lehiaketa erako topaketea danez, sariak be banatuko dira. Besteak beste, Egiletza Originalaren Testu Onenari Saria (500€); Emakumezko eta Gizonezko antzezle Onenari Saria (300€ bakotxa); eta Ikuskizun Onenari Saria (200€) dagoz.

Ikuskizun onenaren saria irabazten dauen konpainiak, jagokon diru-sariaz gan, obra irabazlea Campos antzokiaren udagoeieneko denporaldiaren barruan aurkezteko aukerea izango dau. Programazino iraunkorra dauka Bilbo erdiko antzoki horrek eta, beraz, konpainia profesionalen alboan egitarauan agertzeko erea izango dabe sari horren irabazleek.

Aurten ez da euskerazko antzezlan onenaren saririk emongo, izan be, seigarren edizino honetan ez da euskerazko lan bakar bat be aurkeztu. Normalean, gaztelaniazko antzezlan gehiago aurkezten dira eta aurten hizkuntza horretan izango dira emonaldi guztiak, ezinbestean.

Aste guztian egiten dabiz Fetabi jaialdia. Zapatura arte egunero dagoz emonaldiak eta domekan, hilaren 18an, sariak banatuko ditue, Campos antzokian bertan, 19:30etan hasiko dan ekitaldian. Egun bakotxeko sarrerea 7 euroan dago salgai (egunero antzezlan bi dagoz). Sari-banaketara sartzea doban izango da.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu