Mursegok '% 100 Oion' diskoa kaleratu dau
2017-06-12 10:19 KultureaLana kulturen arteko alkarbizitzea hobetzeko urte biko proiektu baten emoitzea da.
Zortzi kantuk osotuten dabe Maite Arroitajauregi Eibarko musikariaren bilduma barria. Bertan, Oiongo 80 herritar baino gehiagok hartu dabe parte. Musikea eta sormenaren bitartez, herritarren arteko desbardintasunak ezabatzea eta uste faltsuak isilarazotea bilatu nahi izan dau. Izan be, Arabako herri honek 3.000 biztanle pasautxu ditu eta horreetatik % 15 etorkinak dira, ganera langabezia tasea % 25ekoa da. Horren biztanle gitxi izanda, askotan agirian geratzen dira komunidadeen arteko desbardintasunak eta ezagutza falteagaitik, zurrumurru faltsuak eta estereotipoak zabaldu egiten dira.
Honi guztiari aurre egiteko asmoagaz, orain dala urte bi Oionen, artearen bidez, hainbat jatorritako lagunen arteko alkarbizitzea hobetzeko proiektu bat aurkeztu eban Bitartean Jolasean alkarteak, Euskadiko Komanditario Berriak programearen barruan. Emoitzea orain eskuartean dogun % 100 Oion diskoa da.
Diskoa Eibar eta Oion artean grabau dabe eta kantu guztiek dabe euren istorioa. Pieza bakotxaren sorkuntza prozesua desbardina izan da. Abesti batzuetan oiondarren parte hartzea ezinbestekoa izan da, Oyenos Oion kantuan, adibidez. Bide Hutsen bidez banatuko da diskoa era digitalean eta bertan egongo da eskuragarri.
Proiektuagaz herrian dagozan bizikidetza arazo guztiak ez dirala desagertuko dinoe parte hartu dabenek, baina uste dabe pausu garrantzitsua izango dala zeozertan aurrera egitea lortzen bada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!