Art After Darken denporaldiko azken saioa egingo dabe gaur Guggenheimen

Bizkaie! 2017-06-09 10:07   Kulturea

Udako etenaren aurretik, H.O.S.H., Garamendi eta Adrian DJ izango dira gaueko protagonistak museoan.

Artea eta musika elektronikoa bateratzeko ahalegina da Art After Dark zikloa. Hilero, bariku gau baten, Guggenheim Museoak ateak zabaltzen ditu, bertoko eta kanpoko DJ ezagunen eskutik. Aurtengo denporaldian arrakasta nabarmena izan dau ekimenak, baina udea badatorren ezkero, irailera arteko deskantsua hartuko dau Art After Darkek.

Ohiko moduan, gaueko 22:0etan hasiko dira musika emonaldiak. Gitxi gorabehera, goizaldeko 01.00ak arteko saioa izango da. Musikea entzun bitartean, bertaratzen diranek Guggenheim Museoan orain dagozan erakusketak ikusi ahal izango ditue: Espresionismo Abstraktuarena, Pello Irazuren atzera begirakoa, Pariseko 19. mendearen amaierako artistei eskainitakoa... dira aitagarrienak. Pierre Huygue-ren Giza maskara bideo-instalazinoa be ikusgai egongo da.

Bisitariei ondo etorria emoteko, Adrian DJ-ren musika aukeraketea entzun ahal izango da. Ondoren, 22:15ak bueltan, Garamendi getxoztarraren txandea izango da. Musika elektronikoa izaten da Art After Darken oinarria baina, kasu honetan, pop-rock doinuak lantzen dituan artistea da Garamendi. Orekan oinarrituta, musika-testura finak, moldaketa sinfonikoak eta pop abestien errepikak tartekatzen ditu getxoztarrak, Guggenheim Museoak jakitera emon dauenez.

Garamendiren kontzertua amaitzen danean, Adrian DJ bueltauko da oholtzara. Amaitzeko, H.O.S.H. alemaniarra helduko da museora. Holger Behn da Hanburgoko musikari eta produktore honen benetako izena. Europako areto entzutetsuetan musika elektronikoko nahasketak eskaintzen ditu H.O.S.H.-ek eta, ganera, talentu barriak bilatzen be ibilten da, underground elektronikoaren alorrean.

Saioan sartzeko leku kopurua mugatua da eta, beraz, sarrerea erosi behar da. Guggenheim Museoko leihatilan bertan dagoz salgai, 13 euroan (Museoaren Lagunentzat 9 euroan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu