Erein argitaletxeari Urrezko Lumea emon deutso Bilboko Liburu Azokeak

Dabi Piedra 2017-06-05 13:35   Kulturea

Euskal sormenaren eta gizartearen alde 40 urtez agertutako konpromisoa eskertu nahi izan deutsie azokako arduradunek.

IƱaki Aldekoa, Jose Agustin Iturriri Urrezko Lumea emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 11ra arte Arenalean egongo dan Bilboko Liburu Azokako protagonista nagusietako bat da Erein argitaletxea. Euskerazko liburuak plazaratzen 40 urte bete dituan ezkero, lau hamarkadako ibilbide horren inguruko erakusketea ipini dabe erdiko karpan. Ganera, Urrezko Lumea emon deutsie gaur.

Ereineko Iñaki Aldekoa eta Jose Agustin Iturri, Liburu Azokako Asier Muniategi eta Bizkaiko Foru Aldundiko Andoni Iturbe egon dira Urrezko Lumea emoteko ekitaldian. Aspaldi hasi zan Bilboko feria oroigarri hori emoten (Joxemiel Barandiaran izan zan lehenengo saritua), baina lehenengoz emon deutsie argitaletxe bati. Euskerazko argitaletxe batek 40 urte beteteak gauza asko esan nahi ditu, azpimarratu dau Asier Muniategik.

Ereinek gizarteagaz eta euskal sorkuntzeagaz izan dauen konpromisoa saritzea izan da asmoa, Muniategiren arabera. Euskal gizartearen partez eskertu nahi deutsagu Ereini egindako ekarpena. Gaur egungo euskerazko idazle ezagun asko Ereinen hasi zirala ganeratu dau.

Jose Agustin Iturrik hartu dau, Ereinen izenean, Urrezko Lumea. Frankismoaren ondorengo urteetan esperantza handia  egoan, gogoratu dau Iturrik, ordura arte ilunpean egindakoa erakusteko gogoz hasi zan Erein. Euskal kulturea eta gizartea beti proiektuaren erdigunean egon dirala dino, gure identidadea berreskuratzeko hasi ginan lanean.

1970eko hamarkadan Erein bultzatu ebenak gogoratu ditu Iturrik. Izan be, etekin ekonomikorik emongo ez eban arren diruz lagundu eben askok. Epe luzerako inbersino kulturala izan zan. Euskera batua bera be hasikerako pausuetan egoan sasoi baten, euskerearen normalizazinoari ekarpen handia egin eutsan argitaletxeak.

Eskoletarako testu liburuak plazaratzen hasi zan eta, gaur egun, genero ugari lantzen ditu. Bernardo Atxagak, Ramon Saizarbitoriak eta beste askok Ereinen argitaratu izan ditue euren liburu batzuk. Harro gagoz urteotan sortu dogun bildumaz, adierazo dau Iñaki Aldekoa editoreak.

Liburu Azokea eta Ereinen urteurrenari buruzko erakusketea bagilaren 11ra arte egongo dira Arenalean. Eguenean beste sari bat emongo dabe antolatzaileek. Jon Arretxek hartuko dau Zazpi Kale saria, igazko liburu azokan gehien eskatutako liburuaren egilea dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu