Montxo Armendarizi emon deutsie Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria

Bizkaie! 2017-06-02 08:05   Kulturea

Humanidadeen, Kulturearen, Artearen eta Gizarte Zientzien alorreko sari hori irabazten dauen lehenengo zinemagilea da.

Montxo Armendariz | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko zazpi unibersidadeetako errektoreen ordezkariek, Laboral Kutxako lurralde zuzendariak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak parte hartu dabe epaimahaian. Euren esanetan, azken 30 urteotako oinarrizko zinema zuzendarietako bat da Montxo Armendariz eta, ganera, 2010ean, Honoris Causa doktore izentau eban Nafarroako Unibersidade Publikoak.

Epaimahaiak zehaztu dauenez, Armendarizen lanak ederto agertzen dau belaunaldi oso baten ikuspegia, lekuan lekuko eremutik abiatuta baina publiko zabal bategana helduta. Bere lan askotan, Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak erakusten dira, epaimahaiaren ustez.

Horregaitik guztiagaitik, Humanidadeen, Kulturearen, Artearen eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria emon deutsie Armendarizi. Hau ez da zuzendari nafarrari egindako gorazarre bakarra, izan be, aurretik be irabaziak ditu Vianako Printzea (1998), Zinema Sari Nazionala (1998) eta Eusko Ikaskuntzaren beraren Manuel Lekuona saria (2008).

Ganera, bere pelikulei esker, Armendariz Oscar sarietarako hautagai izan zan eta Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra zein Goya sari ugari irabaziak ditu.

Montxo Armendariz Nafarroako Oleta herrian jaio zan 1949an. Besteak beste, film luzeak zuzendu ditu eta horreetako batzuk eragin handikoak izan dira, euren balio zinematografiko zein kulturalagaitik. Azken ikazkinaren inguruko Tasio (1984), Goya saria irabazitako Historias del Kronen (1994) eta Oscar sarietan izendapena jasotako Secretos del corazón (1997) aitatzeko modukoak dira.

Eusko Ikaskuntzak 1995etik emoten dau sari hau, Humanidadeen, Kulturearen, Artearen eta Gizarte Zientzien arloetan nabarmendu diran personei gorazarre egiteko. Hautagai guztiak zorroztasunez eta objektibotasunez aztertzen ditu epaimahaiak, Eusko Ikaskuntzaren esanetan. 2016an Javier Echeverria Ezponda filosofo eta ikerlariari emon eutsien saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu