Baffest argazkilaritza jaialdia gaur hasi da Barakaldon

Bizkaie! 2017-06-01 10:58   Kulturea

Bagilaren 21era bitartean, bertoko eta kanpoko hamaika argazkilariren irudiak ikusi ahal izango dira herriko kaleetan.

Baffest, Barakaldoko argazkigintza jaialdia igaz sortu zan eta, orduko erantzun ona ikusita, aurten barriro egiten dabiz, gaur, eguena, hasita. Emakumeen sorkuntzea azaleratzea da ekimenaren helburuetako bat eta, beraz, aurten parte hartuko daben egile guztiak emakumeak izango dira. Bide Onera plazan egin dabe inaugurazino ekitaldia goizeon eta bertan izan dira Amaia del Campo alkatea, Nerea Cantero zinegotzia, Erika Goyarrola jaialdiko komisarioa eta Fotopop alkarte antolatzaileko ordezkari bi, David de Haro eta Luis Benito.

Igazko ekitaldia arrakastatsua izan zala gogoratu dau Amaia del Campok inaugurazino ekitaldian. Herrira bizitasuna ekarteaz gan, emakumezkoen papela be nabarmendu eban, adierazo dau alkateak. Aurten hazi egin da jaialdia eta nazinoarteko erakusketetara salto egin dau.

Hamaika argazkilariren lana ikusi ahal izango da Baffesten. Batzuk bertokoak dira, baina badagoz Frantziatik, Kataluniatik eta Mexikotik etorritakoak be. Sail nagusian, sei autore egongo dira: Tamara López Seoane, María Aurtenechea, Teresa del Romero, Asun Martínez, Sara Prieto eta Andrea Abila. Lehiaketa erakoa izango da sail hori. Irabazleak erakusketea antolatu ahal izango dau datorren urtean Barakaldon, Baffesteko antolatzaileek pagauta.

Horrezaz gan, Esther Ferrer, Pauline Fargue, Sofia Ayarzagoitia, Rita Puig-Serra Costa eta Helena Goñiren erakusketak ikusi ahal izango dira; azken hori igazko edizinoko irabazlea izan zan. Kontuak kontu, Bide Oneran, Hizkuntza Eskolan, Errekaortuko urtegian, Anaien parkean, Foruen pasealekuan, San Bizenten eta Herriko Plazan ikusgai dagoz horreek argazkiak.

Lehiaketeagaz eta erakusketakaz batera, jarduera osogarriak antolatu ditue Baffesten, argazkilaritzea herritar guztiei hurreratzeko asmoz. Esate baterako, bagilaren 4an, domekan, 12:30ean, familia guztiarentzako musikea entzun ahal izango da San Bizente parkean. 11n, ostera, argazki solidarioa aterako dabe. Hilaren 17an, Clara Campoamor kultur etxean, barriz, mahai-ingurua eta berbaldia antolatu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu