Bizkaiko Abesbatzen Egunean 51 talde batuko dira Zorrotzan

Bizkaie! 2017-05-31 10:49   Kulturea

Bilboko auzo horretan egingo da jaialdiaren XXXIV. edizinoa, bagilaren 4an, domekan.

Abesbatzetako kideak kantuan, 2015eko edizinoan, Barakaldon (argazkia: Schola Cantorum) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Abesbatzen Alkarteak urtero antolatzen dau herrialdeko koruen topaketa handia. Aurten Bilbo aldera jo dabe, Zorrotza auzora hain zuzen, bertako Mikel Deuna alkartearen 25. urteurrenagaz bat eginaz. Ganera, parte hartuko daben 51 abesbatzen artean, erdiak inguru uriburukoak dira.

Jai giroko ekitaldi honen helburuak abesbatzen mobimentuaren indarra jenteari erakustea eta euskal errepertorio ugaria zabaltzea dira. Bide batez, abesbatzen musikea lurraldeko txoko guztietara eroan eta konpositore handien obrak ezagutarazo gura ditue.

Topaketea goizeko 10:00etan hasiko da, parte-hartzaileei egingo jaken harrereagaz. Ondoren, auzoko kiroldegian entseguak egingo ditue eta publikoa bertara joan ahal izango da entzutera. Eguneko ekitaldi nagusia azoka-lekuko parkeko kontzertu jentetsua izango da: Abesbatza guztiek kantauko dabe hor, mila abeslari inguruk. Eguerdiko 12:00etan hasiko da. Ondoren, bazkaria egongo da.

Umeen bost abesbatza, ahots zuri helduen hamaika, ahots baxuen zazpi eta ahots mistoen 28 batuko dira Zorrotzan. Bilbon beste hiru aldiz ospatu da Bizkaiko Abesbatzen Eguna baina aurten lehenengoz helduko da Zorrotza auzora. Igaz Lemoan izan zan topaketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu