Gabriela Cendoyaren 1.400 argazki-liburuak hartuko ditu San Telmo Museoak

Bizkaie! 2017-05-30 11:54   Kulturea

Bildumako aleak katalogau eta gero, Dokumentazino Gunean egongo dira hamar urtean, gitxienez.

Miren Azkarate, Gabriela Cendoya eta Susana Soto (argazkia: San Telmo museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

San Telmo museoak, Donostiako Udalak eta Gabriela Cendoyak berak akordioa sinatu dabe, bildumagile donostiarrak azken 12-15 urteetan batutako argazki-liburuak museoan gordeteko. Argitalpenok katalogau eta herritarren eskura jarriko ditue. Cendoyagaz batera, San Telmoko Susana Soto eta Udaleko zinegotzi Miren Azkarate egon dira hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Cendoyak Fotolibros y algo más bloga erabili dau etxean pilotuten izan jakozan liburu honeek guztiak gizarteratzeko eta autortu dau bere bildumea ez dala perfektua eta hutsuneak be badituala. Azkenaldion argazki-liburu ugari plazaratu dira eta horrek modu konpulsiboan erostera bultzatu dau Cendoya, 1.400 izateraino.  San Telmo Museoak gordeko dituan lanen artean, Alec Soth-en Broken Manual eta Daniel Mayrit-en You Haven´t seen their faces, agiri dira, besteak beste.

Egitasmoaren helburua da, gatazkak, gerrak, intimidadea, nerabezaroaren irudiak eta abar batzen dituen liburuei ikusgarritasuna emotea eta jentearentzat eskuragarri ipintea. Cendoyak berak nahi izan dau bere bildumea gizarteratu eta San Telmo Museoak gogo onez hartu dau proposamena.

Argazki-liburuak katalogau, konserbazino neurriak abiatu eta publikoarentzat eskuragarri ipiniko ditue museoko adituek, hurrengo urte biotan. Bildumea gitxienez hamar urtean egongo da San Telmoko Dokumentazino Gunean. Ganera, argazkigintzeagaz lotutako programazinoa atonduko dau museoak, Cendoyaren bilduman oinarrituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu