‘Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama’ liburua argitaratu dau Alaine Agirrek
2017-05-30 11:15 KultureaBermeoko idazlearen hirugarren eleberria Elkar argitaletxearen eskutik dator.
Azkenaldion proiektu askotan sartuta dabil Agirre. Hilebete inguru pasau da Txoriak etortzen ez diren lekua poema bilduma gordina aurkeztu ebanetik. Pasa dan astean, barriz, gaztetxuentzako Munstro Txikiak - Hagintxoren Tripako Mina ipuina kaleratu eban Xabier Mendigurenegaz batera. Orain, bere hirugarren nobelea dakar besapean, 2016ko Joseba Jaka saria eskuratu eban, igaz, proiektu honegaz. 2015ean, Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak banatzen dauen Zilarrezko Euskadi Saria be irabazi eban X hil da eleberriagaitik. Umeentzako hainbat kontakizun idatzi ditu, eta horreei esker, Lizardi eta Lazarillo sariak jaso ditu.
Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama bermeotarraren hirugarren eleberria da eta argi laga nahi izan dau: ez da autobiografia, ez da autofikzinoa, ez da autolaguntza: nobela bat da hau, eta nobelatzat hartzea nahi neuke. Aurreko bi eleberrien estiloari eutsiz, Agirrek bere dohainak agirian itxi nahi izan ditu liburu honetan be: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikatasuna bilatzea, sentimenduak leungarri barik adierazotea... horreek danak intensidadea eta emozino berezia emoten deutsie kontakizunari.
Kaleratu barri dauen liburuak ganera, kontu ugari batzen ditu. Egileak bere amari eskainitako maitasun-kantu luze bat; familia osoaren historia eta istorio sorta txirikordatu bat; gaixotasun baten jatorriaren bila, umezaroko gomutatan egindako introspekzino ariketa bat; amatasunaren ganean zalantzaz betetako gogoetea eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!