Bilboko eraikin historikoak zabalik irailean, Open House jaialdian

Bizkaie! 2017-05-30 08:45   Kulturea

Arkitekturea eta kulturea batzen dituan nazinoarteko ekimen horregaz bat egin dau Udalak.

Ibaigane jauregia bisitau ahal izango da irailean | Ikusi handiago | Argazki originala

Herritarrei zuzendutako jarduerak dira Open House nazinoarteko jaialdiaren ardatza. Irailaren 23an eta 24an, Bilboko eraikin eta espazio kultural ezagun batzuk publikoari zabalik egongo dira. Normalean zarratuta egoten dira eta herritar gehienentzat ezezagunak diran guneak erakustea da asmoa.

Bilboko 40 eraikin inguru zabaltzea aurrikusi dabe antolatzaileek: Txabarri jauregia, Ibaigane, Iberdrola torrea, Auzo Factory Matiko, Bidebarrietako liburutegia, Azkuna Zentroa, Euskadiko Artxibo Historikoa eta abar.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, jai giroko asteburua izatea nahi dabe; uriko ariktekturearen, historiaren eta kulturearen inguruan gehiago jakitea da helburua, parte-hartzearen bidez. Bisitaldiak dobakoak izango dira. Open House ekimenerako aukeratutako eraikinetan boluntarioak egongo dira azalpenak emoten eta bisitaldi gidatuak eskaintzen.

Bilboko auzo guztietan balio handiko eraikinen katalogo zabala dago, adierazo dabe Bilboko Udaleko arduradunek, interesguneak handiak dira eta horri esker, jaialdia uri guztian egin ahal izango da. Open House Bilbaoren edizino hau OUT erakundearen ekimenez sortu da, Udalak berak babestuta. Kulturearen, urigintzearen eta arkitekturearen alorreko barrikuntzea bultzatzea da OUTen zeregina.

Open House jaialdia Londresen egin zan lehenengoz, 1982an, uritarren artean diseinua eta arkitekturea ezagutzera emoteko asmoz. Ordutik hainbat uritara heldu da, New York, Bartzelona, Melbourne eta Helsinkira, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu