Alaine Agirrek lehenengo poesia liburua plazaratu dau
2017-04-07 09:46 KultureaOspitale psikiatriko baten idatzitako olerkiak batu ditu idazle bermeotarrak Txoriak etortzen ez diren lekua liburuan (Erein).
Minetik eta iluntasunetik jaiotako poemak dira Alaine Agirrek batu dituanak. Izan be, ospitale psikiatriko baten egonaldi batzuk egin behar izan ditu eta bertan idatzi ditu bere lehenengo poema liburuko testuak. Berez, deseroso sentidu zan Agirre ospitale haretan, baina literaturearen bidez egoera horri kolore apur bat topau ahal izan deutso. Ganera, bere nortasunari eusteko balio izan ei deutso idazteak.
Donostian aurkeztu dau Alaine Agirrek Txoriak etortzen ez diren lekua, Erein argitaletxeko arduradunakaz batera. Ekitaldian azaldu dauenez, ospitale psikiatriko baten sartzean norbera nor dan be ahazten dau batek. Horregaitik, idazteari ekin eutsan, ia geratu barik, ospitalean egonaldia hasi ebanean. Horrek nortasunari eusten lagundu deutsala dino. Ospitalean zarratuta eta kontrolauta egotearen errutinatik eta minetik urten ahal izan dau Agirrek poesiari esker, arnasea hartzeko leihoa topau dau, olerkietako baten dinoanez.
Gai gordina aukeratu dau, beraz, idazle bermeotarrak, bere lehenengo poesia libururako. Halandabe, Erein argitaletxeko arduradunek azaldu dabenez, hizkera ederra eta adierazkorra bilatu dau testuetan. Ospitale psikiatriko baten egoteak dakarren iluntasunaren erdian, argi izpiak topau ahal izan ditu Agirrek. Umore ikutu bat be badaukie olerki batzuek.
Liburu honetako poemak idazten, ganera, idazlea dala deskubridu dau Alaine Agirrek. Ospitalean, debekatutako uneetan be idazten ibili da, jagoleetatik ezkutauta. Bere nortasuna idazle izateagaz lotuta dagoala dino Agirrek.
Umeentzako istorio batzuk eta nobela bi (Odol mamituak eta X hil da) idatziak izan ditu aurretik Alaine Agirrek. Orain poesiara salto egin dau. Aurreko lanetan be autofikzino ariketak egin izan ditu eta, fikzinozko pertsonaien maskarearen atzean, bere bizipen eta gogoetak dagoz. Oraingoan, baina, Agirrek dino makal egon dala, ezin izan dauela bere burua ezkutau. Fikzino barik, bera da olerkien ardatza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!