'Guernica' oinarri dala Ron English-ek egindako artelanak ikusgai, Bakearen Museoan
2017-04-05 12:33 KultureaPablo Picassoren obra ezaguna behin eta barriro interpretetan dau Englishek, kritika soziala egiteko. Artista amerikarraren 25 artelan ekarri ditue Gernikara, urriaren 29ra arte.
Pablo Picassok 1937an marraztutako Guernica koadroan oinarrituta, ehun artelan inguru sortu ditu Ron Englishek. Gehiagorako lekurik ez dagoanez, horreetatik 25 dagoz ikusgai Gernikako Bakearen Museoan, Guernica barriro imajinatuz izeneko erakusketan. Asteon zabaldu dabe eta urriaren 29ra arte ikusi ahal izango da.
Kritikea eta salaketea dagoz Englishen obren atzean. Guernica-n agiri diran pertsonaiak erabilten ditu bestelako esangura batzuk emoteko eta gaur egungo munduari begiratzeko. Gerrak salatzen ditu artista amerikarrak. Bestetik, kulturearen eta ekonomiaren alorretan jazoten diran inbasinoak salatzen ditu. Amerikarren markek mundu guztia hartu dabela eta gizartea ia konturatu be ez dala egin dino.
Street Art estiloagaz bat egiten dau Ron Englishek eta olio pinturetan espezialistea da. Kaleko hormetan sortutako obrak egin izan ditu, azken aldion museoetan eta arte-galerietan be lanean hasi dan arren. Mendebaldeko kultura garaikidearen ikonoak, pop erakoak, sarri erabilten ditu, baita irudi historikoak be.
Bakearen Museoak aspalditik ekarri nahi izan dau Englishen obrea Gernikara, uriaren historiagaz lotuta dagoalako. Une aproposa da erakusketea antolatzeko, apirilaren 26an 80 urte beteko diralako Gernika bonbardeau ebenetik. Eraso hori izan zan Picassoren koadroaren inspirazinoa.
Guernica-ren ikonografia bere begiradatik pasetan dau obrak sortzeko orduan. Bakearen Museoan dagozan obretako batzuetan, berehala bereizten dira Picassoren Guernica-ren eszenak eta irudiak. Beste obra batzuetan, adi-adi begiratu behar da Guernica-ren zertzeladak topetako.
Picassoren koadro ezaguneko irudiakaz batera, kultura garaikidetik hartutako beste batzuk be erabilten ditu Englishek bere obretan. Esaterako, telebistako pertsonaiak, Estadu Batuetatik datorren kultura inbaditzailearen inguruan ohartarazoteko. Modu horretara, Guernica-ren berrinterpretazino deigarriak sortzen ditu.
Urriaren 29ra arte ikusi ahal izango da Guernica barriro imajinatuz erakusketea, Gernikako Bakearen Museoan. Urrian, urtero legez, Bakearen eta Bizikidetzearen Jardunaldiak egingo ditue eta Ron English konbidau nahi dabe. Izan be, Street Art generoa izango da jardunaldiotako ardatzetako bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!