Turismo bulegoa ipiniko dabe Gaztelugatxen
2017-04-05 09:16 KultureaBizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, Aste Santuan zabalduko dabe, Gaztelugatxeko bisitariei informazinoa emoteko. Opor sasoietan eta udan egongo da zabalik.
Turismoari begirako azpiegiturea izango da Gaztelugatxeko bulego barria, gero eta bisitari gehiago erakarten dituan ingurunea da eta. Halandabe, horregaz batera, ingurumena babesteko lana areagotzeko zeregina izango dau. Urremendi Landa Garapen Alkarteak kudeatuko dau.
Bakio eta Bermeo arteko errepide zaharreko begiratoki baten dago turismo bulegoa, Gaztelugatxeren parean. Leku hori Foru Aldundiarena da. Beheganea egokitu eta txabolea eregi da begiratokian. Eraikinaren diseinuak paisaiagaz integrazinoa bilatzen dau eta, horregaitik, egur tratadua dauka txabolearen agiriko azalera guztiak. Eguzki-panelak ipini deutsiez eraikinari, turismo-bulegoak behar dauen elektrizidade guztia handik hartu daian.
Bisitari gehien egoten diran sasoietan egongo da zabalik azpiegitura barria. Hasteko, Aste Santuko hamabostaldi osoan emongo dau arretea. Ondoren, udako hileetan zabalduko dabe, bagilaren 1etik irailaren 30era. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte eten bako zerbitzua emongo dau Aste Santuan eta udan.
Gaztelugatxeren eta inguruko parajeen inguruko informazino eta argibide zehatzak emongo deutsiez erabiltzaileei turismo bulegoan. Era berean, Bizkaiko ganerako erakargarritasun turistikoen ganeko informazinoa be eskainiko da. Bertako beharginek euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez emongo dabe arretea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!