Sei pintura eta argazki erakusketa Bilboko auzoetan, Expodistritori esker

Bizkaie! 2017-04-04 12:01   Kulturea

Bagilaren 30era arte uriko udaltegietan egongo dira erakusketak, urteko bigarren hiruhilekoko Expodistrito zikloan.

'La dársena de la ría', Pilar Gonzálezen margolana | Ikusi handiago | Argazki originala

Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko eta Zazpi Kaleetako udaltegietan izango dira bagilera bitarteko erakusketak. Sei dira guztira: Pinturako hiru eta argazkigintzako beste horrenbeste.

Horreetako bost, apirilean bertan inaugurauko dira. San Inazio-Ibarrekolandako udaltegian, Pepa Truebaren eta Álvaro Hidalgoren margolanak ikusgai egongo dira. Ama-semeak dira artista biak eta bien estiloak kontrajarrita agertuko dira erakusketan: Truebaren teknika abstraktua eta Hidalgoren akuarela koloretsuak. Apirilaren 27an Castañoseko udaltegira aldatuko dabe.

Begoñako udaltegian, ostera, Pilar eta Mª Carmen González Bueno ahizten Emoción por la acuarela ikusi ahal izango da. Benetan erakusketa ibiltaria izango da hau, bagilera bitartean San Inazio, Zazpi Kaleak eta Errekalden be egongo dalako.

Hirugarren pintura erakusketea Abdul Jabbar irakiarrarena da. Bilbon bizi da gaur egun eta haren lanen aukeraketea dakar Expodistritok. Otxarkoagan egongo da lehenengo, eta San Inazion gero.

Argazkigintzeari jagokonez be, proposamen ugari egongo dira Bilboko auzotarren esku. BBK-ren babespean sortutako Arima hondartua da horreetako bat. Jon Rodríguez Bilbaok euskal ontzioletan ateratako argazkiak dira, bertako beharginen errealidadea erakusteko. Begoñako udaltegian dago hau, gaurtik.

Pilar Herrero Hierroren argazkiak, ostera, Zazpi Kaleetako La Bolsa udaltegian ipiniko ditue. Denpora luzez Antzezaleak artista tailerrean zeramika lanak egiten ibili zan Herrero Hierro, baina azken urteetan naturako argazkiak egiten hasi da, modu guztiz autodidaktan.

Expodistritoko seigarren erakusketea ez dabe maiatzera arte zabalduko. Saharaui Bai? izeneko argazki bilduma hori Munduko Medikuak alkarteak antolatu dau. Saharako kanpalekuetako errefuxiatuen egoerea agertzea da helburua, herritarrak sentsibilizetako asmoz. Abando-Barrainkuako udaltegian ipiniko dabe eta, ondoren, San Frantziskokoan.

Expodistrito programea Bilboko Udalaren ekimena da, eta bere helburuak dira uriko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoeneko ezagunak diran beste batzuei be lekua eginda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu