Bermeoko Liburu eta Disko Azokan 14 erakusle egongo dira
2017-03-02 10:44 KultureaMartiaren 3tik 12ra egingo dabe, Lameran, Bermeoko Udalak aurreratu dauenez. Euskal poesia erakusketea be ikusgai egongo da erakusmahaien alboan.
Urteko lehenengo liburu azoketako bat izaten da Bermeokoa. Aurtengo edizinoa bihar, barikua, hasiko da eta martiaren 12ra arte, euskal liburugintzako eta diskogintzako azken nobedadeak ikusi ahal izango dira. Euskerazko zein erderazko argitalpenak egongo dira. Nobedadeek % 10eko beherapena izango dabela dinoe antolatzaileek.
Bermeoko Liburu eta Disko Azokearen atxakian, literaturearen munduko eragileak batuko dira Lameran. Guztira, argitaletxeek 14 erakusmahai ipiniko ditue. Bestetik, idazle batzuk erakusmahaietan egongo dira, euren azken lanak aurkezten eta zaleei aleak sinatzen. Antolatzaileek aurreratu dabe Inma Roiz, Miren Palacios, Anton Arriola eta JJ Abasolo egongo dirala liburuak sinatzen azokearen bigarren asteburuan.
Irakurzaletasuna bultzatzea, azken nobedadeak ezagutzera emotea eta liburuari protagonismoa emotea dira Bermeoko Liburu Azokearen helburuak. Horretarako, gai ugaritako liburuak egongo dira eskuragarri, edade guztietako publikoa aintzat hartuta. Sukaldaritzea, euskal gaiak eta historia izaten dira arrakastarik handiena izaten daben arloetako batzuk.
Azokea martxan dagoan bitartean, Lameran bertan, Euskal poesia erakusketea egongo da ikusgai. Gerra Zibilaren aurreko urteetako eta gerra sasoiko euskal olerkariak gogoan hartuko ditue hor: Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Aitzol, besteak beste. Informazino panelak eta sasoi haretako argazkiak ipiniko ditue erakusketan.
Bermeoko Liburu Azokea goizez, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:30etara.
2017/03/03 - 2017/03/12
Bermeoko LameranErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!