Isabel Garayren 40 obra ipini ditue Bilboko Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2017-02-09 09:24   Kulturea

Igaz hildako artista bizkaitar horren ibilbidea batu dau Rekalde Aretoak. Bagilaren 4ra arte ikusi ahal izango da erakusketea.

Lau hamarkadako sormena dago Rekalde Aretora eroandako 40 eskulturetan. 1980ko hamarkadatik igaz arte egindako piezak dira. Erakusketan garbi ikusten da Isabel Garayk (Muskiz 1946-Santander 2016) sekula be ez ebala esperimentazinoaren bidea albo batera itxi, beti gauza barrien bila ibili zan. Eskulturan nabarmendu zan Garay, baina pinturan be bide oparoa egin eban.

Rekalde Aretoko erakusketan, eskulturak zein papelean egindako lanak batu ditue, Hubert Besacier komisario dala. Ikerlari frantziarra aditua da Garayren obran eta erakusketako katalogoa be berak atondu dau. Barikuan, hilak 10, bisitaldi gidatua antolatu dau Rekalde aretoak (19:00) eta, bertan, Besacierrek erakusketearen nondik norakoak azalduko ditu.

Isabel Garayren lana 1980ko hamarkadaren erdi partean ailegau zan heldutasunera. Hasikeran, lur erregogorrez egindako irudiak sortu zituan. Giza itxurako formetatik arkitekturara pasau zan apurka-apurka, hamarkadearen amaieran. Corten altzairua erabilita, gero eta forma abstraktuagoak egiten hasi zan.

1990ean funtsezko aldaketea egon zan bere estiloan: Eskultura modularra eta seriean egiten hasi zan. 2016an hil zan arte, Garayk material eta estilo barriak bilatzen segidu eban. Esaterako, 2000. urtetik aurrera, aluminio eta beirazko modulu konbinagarriak egiten hasi zan. Bestetik, sarri marrazten eban, batez be paisaiak.

Ibilbide kronologikoa barik, ikuspegi sintetikoa bilatu dau Rekalde Aretoak erakusketea atontzeko orduan. Modu horretara, Isabel Garayren obrearen aberastasuna eta barruko logikea transmitidu ahal izan da, atzera begirako erakusketa bati jagokon legez.

Isabel Garayren atzera begirakoa bagilaren 4ra arte egongo da Rekalde Aretoan. Sartzea doban da. Eguen guztietan, hil honen 16an hasita, bisita gidatu iruzkinduak antolatuko dira. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik izena emotea.

2017/02/10 - 2017/06/04

Bilboko Rekalde aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu