Eibarko Antzerki Jardunaldien 40. edizinoan, 21 antzezlan ikusgai
2017-02-07 10:38 KultureaMartiaren 3tik apirilaren 6ra bitartean, euskal antzerkigintzearen erdigune izango da Eibar. Euskera hutsezko lau obra emongo ditue, besteak beste.
Eibarko Antzerki Jardunaldiak urteroko hitzordu bihurtu dira zaleentzat eta aurten, ganera, zenbaki biribila beteko dabe, 40. edizinoa hain zuzen. Eibarko alkate Miguel de los Toyosek, Iñaki Arriola alkate ohiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputadu Denis Itxasok eta Antzerki Jardunaldien zuzendari Juan Ortegak egin dabe jentaurreko aurkezpena, Eibarren bertan.
Aurkezpenean azaldu dabenez, 156.000 euroko aurrekontua daukie 2017ko Antzerki Jardunaldiek. Horren herena, gitxi gorabehera, Eibarko Udalak emoten dau. Ganerakoa, beste erakunde publiko batzuen eta eragile pribaduen eskutik dator, baita sarrerak saltzetik be.
Martiaren 3tik apirilaren 6ra, 21 antzezlan programau ditue jardunaldiotan, tartean euskera hutsezko lau. Treblinkara azken trena (Vaiven Teatro) eta Jokoz kanpo (Borobil taldea) dira euskerazko emonaldi horreetako bi, azkenaldon antzoki ugaritan arrakastaz eskaini diran obrak.
Ganerako antzezlanen artean be, Euskal Herrian egindako ugari dagoz. Martiaren 3an, jardunaldiei ekiteko, Giza Estatuen 15. Topaketea egingo dabe Untzaga plazan eta Toribio Etxebarria kalean. Encuentro con Josep Maria Flotats izenburuko berbaldia egongo da hil horren 6an Coliseo antzokian. Horreek hitzordu biak erabiliko ditue antolatzaileek jardunaldien inaugurazino lez eta, horregaitik, doban izango da sartzea.
Antzezlanak Coliseo antzokian eta Hezkuntza Esparruko Antzokian izango dira. Zezeilaren 11n zabalduko dabe aurresalmentarako epea. Coliseoaren Laguna txartela daukienetzat deskontuak egongo dira.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!