Euskalduna Jauregiko ekitaldietara miloe erdi lagun baino gehiago joan ziran 2016an

Bizkaie! 2017-01-25 08:59   Kulturea

Bisitariei jagokenez, historiako urterik onenen artean hirugarrena izan zan igazkoa Bilboko biltzar-jauregian. Ganera, superabitagaz itxi eban urtea.

Jon Ortuzar eta Lorea Bilbao (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Euskalduna Jauregiaren 2016ko datuak ezagutzera emoteko, agerraldia egin dabe Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadu eta jauregiko administrazino kontseiluko lehendakariak, eta Jon Ortuzar zuzendari nagusiak. Balantzea egiteko orduan pozik agertu dira, izan be, Euskalduna Jauregiak emoitza onak izan ditu, bai bisitarien aldetik eta baita mozkin ekonomikoetan be.

2016an antolatutako ekitaldi guztiak batuta, miloe erdi bisitari baino gehiago joan ziran Euskaldunara (zehatz esanda, 519.551). Historiako urterik onenetan hirugarrena. Ekitaldi kopuruari jagokonez, 413 kongresu eta batzar antolatu ziran, baita musikeagaz lotutako 318 emonaldi be. Alor bietan, bere sektoreko liderra da Euskalduna Espainian.

Euskalduna Jauregiaren jarduereak igaz sortutako jarduera ekonomikoa 85 miloe eurokoa izan zan. Hortik 6,7 miloe euro heldu ziran Bizkaiko Ogasunera. Gaur egun, 1.348 behargin daukaz jauregiak.

2016ko denporaldian opera bat gitxiago programau dan arren, gastuen eta sarreren arteko orekeari ondo eutsi jako. Holan, 401.000 euroko ustiapen-mozkina lortu zan 2016an, aurreko urteetan baino gehiago. 1999an inaugurau zanetik, Euskalduna jauregiak beti amaitu dau urteko balantze ekonomiko positiboagaz eta, horri esker, ez da beharrezkoa izan diru-laguntzino publikoetara jotea.

Lorea Bilbaok adierazo dauenez, datu horreek guztiek berresten dabe ze posizionamendu ona daukan Euskaldunak, osasun ona dauka. Orain dala urte batzuk Euskaldunari munduko biltzar-jauregirik onenaren saria emon eutsiela gogoratu dau Bilbaok. Jauregiak Bilbo eta Bizkaia mapan jarten lagundu dauela azpimarratu dau.

Beste alde batetik, Jon Ortuzarrek Euskalduna Jauregiko zuzendaritzea itxiko dau. Proiektuaren hasieratik izan da zuzendari nagusia, baina hurrengo belaunaldiari lekukoa pasetako momentua heldu dala uste dau. Oraindino ez da Ortuzarren ordezkoa nor izango dan modu ofizialean erabagi, baina badirudi hurrengo zuzendari nagusia Andoni Aldekoa izango dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu