Fiona Tan-en ikus-entzunezko obra bat ipini dabe Bilboko Guggenheim Museoan

Bizkaie! 2016-12-22 12:28   Kulturea

Ekialdeari begira, galduta lana martiaren 19ra arte ikusi ahal izango da, Guggenheimeko Film & Video aretoan. Europaren eta Asiaren arteko hartu-emonak, positiboak zein negatiboak, dira obrearen ardatza.

Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria eta Manuel Cirauqui komisarioa, Fiona Tanen lana aurkezteko ekitaldian (argazkia: Guggenheim Bilbao) | Ikusi handiago | Argazki originala

Fiona Tanek (Sumatra, 1966), 2009ko Veneziako Bienalean sortu eban Ekialdera begira, galduta ikus-entzunezko artelana. Oraintsu, Solomon R. Guggenheim Fundazinoaren bilduman sartu da piezea eta horri esker ikusi ahal izango da Bilbon. Manuel Cirauqui da komisarioa.

Veneziako Bienaleko Herberehetako pabilioian grabau eban Tanek obrearen zati bat. Asiako irudiak be agiri dira, batez be Ekialde Urrunekoak. Veneziako merkatariak izan ziran, hain zuzen, Asiako herrialde urrunak Europara hurreratu zituen lehenengoak, 12. mendean hasita. Liluraz betetako Ekialde Urrun baten irudia zabaldu zan Europan, baina, era berean, idealizazino horrek baliabideen esplotazinoa ezkutatzen eban. Paradoxa hori aztertu dau Tanek Ekialdera begira, galduta lanean.

Aurrez aurre ipinitako pantaila bi dira ikus-entzunezko instalazinoaren azpiegitura nagusia. Alkarregaz komunikauta dagoz pantaila biak, irudien eta bozgorailu baten bidez. Pantaila handian, Ekialde Urrunetik ekarritako oroigarri anakronikoen irudiak dagoz: animalia exotiko disekatuak, portzelanea... baita gailu modernoak be. Pantaila txikiagoan, Asiako hainbat lekutako eguneroko irudiak erakusten dira. Bertako biztanleek aurrera egiteko daukiezan zailtasunak ikusi leitekez.

Bilboko Guggenheim Museoak azaldu dauenez, Fiona Tanek memoria kulturalaren eta mito modernoen agertoki bihurtu dau irudien artxibategi hori eta, era horretan, Marco Poloren Asia legendarioa berreregiten dau eta, aldi berean, kontinente horretaz idatzi ez dan memoria berreskuratzen dau.

Guggenheim Museoko 103. aretoan dagoan Film & Video aretoan dago ikusgai Fiona Tanen lana. 2014an areto hori zabaldu zanetik, hau da erakusten dan bederatzigarren piezea. Bideoak, bideo-instalazinoak eta mobimentuan dagozan irudiak hartzeko gunea da Film & Video aretoa, hain zuzen.

Fiona Tan artistea, jaiotzez indonesiarra dan arren, Herberehetan bizi da aspalditik. Aita Txinakoa dau eta ama, australiarra. Hortaz, atzerritar profesionala dala esaten dau berak. Izakera hori bere artelan askoren abiapuntua izan da. Kolonialismoaren osteko identidadea aztertzeko asmoz, zinemagintzea, bideoa eta argazkia erabilten ditu bere sorkuntzan.

'Ekialdera begira, galduta' ikus-entzunezko piezako fotograma bat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu