Naturan ateratako argazkirik ikusgarrienak, Bilboko Ondare Aretoan
2016-12-21 12:33 KultureaIzadiaren argazkilariak 2016 erakusketan, aurtengo Wildlife Photographer of the Year sariketa entzutetsuko parte-hartzaileen lana ikusi leiteke, baita Santi Yanizen argazkiak be.
Wildlife Photographer of the Year mundu guztian antolatzen diran argazki lehiaketen artean ospetsuenetako bat da, prestigio handikoa. Basabizitzea eta naturea erakusten daben argazkiak lehiatzen dira. Aurtengo edizinoko argazki irabazlea eta beste 84 ikusi leitekez Bilboko Ondare Aretoan. Kontuan izan behar da, ia 17.300 irudi aurkeztu dirala aurtengo sariketara. Horreetatik, saria jaso daben 85 aukeratu ditue.
Argazki irabazlea Richard Peters ingelesak atera dau. Londresko kale baten gauez dabilen azeri baten itzalari egindako erretratua da. Urietan gero eta ohikoagoak diran azeriak irudikatzen ditu Petersen lanak eta, bide batez, urietara gero eta sarriago joten daben beste espezie batzuk.
Ganerako 84 argazkiak, hamar kategoriatan antolatuta dagoz: Hegaztiak, ugaztunak, beste animalia batzuk, landaren gorazarrea, paisajeak, ur azpiko mundua, gizakia, naturea, formak eta argazkilari gazteak.
Balio estetiko handiko irudiak dira, azaldu dau Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten, errespetau beharreko natura baten edertasuna erakusten deuskuenak. Itzalak eta siluetak inoz baino ikusgarriagoak dira aurtengo aukeraketan.
Izadiaren argazkilariak erakusketearen edizino guztietan egiten dan legez, aurten be Bizkaiko argazkilari bat konbidau dabe ekimenean parte hartzera. Kasu honetan, Santi Yaniz da bertoko argazkilaritzearen ordezkaria. Bizkaia, irudi sublimea izeneko bildumea aurkeztu dau Ondare aretoan.
Bizkaiko bost leku esanguratsu batu ditu argazkiotan Yanizek: Gaztelugatxe ingurua, Otxarretako basoak, Galeatik Barrikarako kostaldea, Urkiolako parkea eta Belaustegiko ur-jauzia. Ikusmenean eta emozinoetan inpaktu handia eragiten daben argazkiak dira, Foru Aldundiaren arabera.
Baliabide tekniko apalak erabilita, Santi Yanizek nahiago izaten dau lurraldea arakatu, argiagaz jokatu eta eguraldiak sortzen dituan efektu galkorrak harrapau, argazki ikusgarriak ateratzeko. Yaniz aspalditik dabil Euskal Herriko naturea eta mendiak argazkietan batzen eta kazetaritzan be lan egiten dau.
Izadiaren argazkilariak 2016 erakusketea Bilboko Ondare Aretoan egongo da urtarrilaren 30era arte. Astegunetan, goiz eta arratsaldez egongo da zabalik eta zapatuetan, goizez. Sartzea doban da.
2016/12/21 - 2017/01/31
Bilboko Ondare aretoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!