Euskal Herriko hizkuntza ugaritasuna batzeko proiektua sortu dau Ahotsak.eus-ek

Bizkaie! 2016-12-21 10:30   Kulturea

Berezko hizkuntzak eta kanpotik ekarritakoak aintzat hartuta, Euskal Herrian aniztasun handia dagoala ikusi dabe Ahotsak.eus-ekoek. Horregaitik, 101 L egitasmoa sortu dabe.

Hizkuntzak batzeko, kalera urten dabe (argazkiak: Ahotsak.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen lekukotasunak batzeaz arduratzen da Ahotsak.eus, herririk herri jatorrizko hiztunei grabazinoak eginaz eta datuak gizarteratuaz. Euskereaz gan, baina, Euskal Herrian beste hizkuntza asko dagozala ikusi dabe, eta horreen testigantzak batzeari be ekin deutsie, 101 L proiektuaren bidez. Dagoeneko, 97 hizkuntza jaso ditue, 160 personari baino gehiagori egindako alkarrizketei esker. Horreek guztiak ikusi eta entzuteko webgunea martxan ipini barri dabe.

Donostiako hizkuntza ugaritasuna batzen hasi ziran 2015eko maiatzean. Urian berba egiten diran hizkuntza guztien barri izatea zan asmoa. Gero, proiektua Euskal Herri osora zabaldu eban Ahotsak-eus-ek, eta holan sortu zan 101 L.

Zenbat hizkuntza berba egiten dira Euskal Herrian? Horixe da proiektua gidatzen dauen galdera nagusietako bat baina, era berean, ia ezinezkoa da erantzun zehatza emotea. Ehundazak izan leitekez: Bertoko hizkuntzak ez eze, etorkinek ekarritakoak batzen ditue 101 L egitasmoan eta, kasuren baten, baita bertora bisitan etorritako atzerritarrena be.

Orain arte egindako lanaren emoitzea oparoa da: 97 hizkuntzako zerrendea osotu dabe. Horretarako, 160 hiztuni alkarrizketak egin eta grabau deutsiez. Alfabetoaren arabera, aimara da une honetan lehenengoa, Xhosa azkena. Tartean, mundu guztiko hainbat berbeta dagoz. Webgunean zerrendatuta eta sailkatuta topauko ditu bisitariak, eta bideoak ikusteko erea dago.

Alkarrizketa batzuk kalean egin ditue, horretarako ipinitako karpan edo furgonetan. Bideoan grabetan dira guztiak. Alkarrizketatuei euren hizkuntzearen ganeko galderak egiten jakez, baita euren bizipenen ganekoak be. Hizkuntza bakotxeko oinarrizko berba batzuk jasoten dira. Galderei euskeraz edo gaztelaniaz erantzuten deutsie alkarrizketatuek eta, ondoren, euren hizkuntzan be bai.

Zeregin honetan segidu eta hizkuntza gehiago batzea da asmoa. Ganera, laster dokumental labur bat prest izango dabela dino Ahotsak.eus-ek. Bertan, Donostialdeko hizkuntzen barri emongo dabe.

Badihardugu euskera alkarteak sortutako Ahotsak.eus-ek azaldu dauenez, ahozko ondarea jasotea eta zabaltzea da euren helburu nagusia. Hortik abiatuta, beste urrats bat egitea erabagi dabe eta holan sortu da 101 L, Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna ezagutarazoteko asmoz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu