Lea-Artibaiko ipuinak liburu baten batu ditu Jabier Kaltzakortak

Bizkaie! 2016-12-20 08:27   Kulturea

Labayru Fundazinoak azaldu dauenez, Ondarroa, Markina, Lekeitio eta Aulestiko ipuin herrikoien antologia bat da, edizino elebiduna.

Jabier Kaltzakorta (eskuman), Bilbon, liburua aurkezten. Ezkerrean, azala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean sortutako Bizkaiko kondairak bildumearen barruan argitaratu dau Jabier Kaltzakortak Lea-Artibaiko ipuinak izeneko liburua. Orain arte, Gorbeialdeko, Bilboko eta Durangaldeko ipuinak argitaratu ditue bilduma horretan, Seve Calleja koordinatzaile dala. Aurrerantzean, Lea-Artibain batutako istorioak be eskuragarri dagoz. Bizkaiko kondairak bildumearen helburua Bizkaiko eskualdeetako ahozko tradizinoaren barri emotea da.

Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian egindako ekitaldian aurkeztu dau Kaltzakortak liburu barria. Autoreak azaldu dauenez, Lea-Artibai eskualdean batu izan diran ipuin herrikoien antologia da. Kaltzakorta bera markinarra izanik, ondo ezagutzen dau eskualdea. Herri literaturearen alorra be sakon landu izan dau eta bera da gai horretan aditu handienetako bat gaur egun.

Lea-Artibaiko tradizinoaren iturri esanguratsuetara jo dau egileak corpusa osotuteko. Markina, Lekeitio, Ondarroa eta Aulestiko ipuinak aukeratu ditu, han-hemen lehenago argitaratu izan diranen artean.

Bizkaiko kondairak bildumearen barruan argitaratzeari esker, horreek ipuinak edizino txukun, erabilerraz eta erakargarri baten aurkeztu ahal izan ditu Kaltzakortak. Edizino elebiduna da, hau da, ipuin guztiak euskeraz eta gaztelaniaz topauko ditu irakurleak liburu berean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu