Euskal artista gazteek euren lana erakutsi ahal izango dabe Guggenheim Museoan

Bizkaie! 2016-12-16 10:43   Kulturea

Eginberri programearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko artista gazteek euren proiektu artistikoak aurkeztu ahal izango ditue. Aukeratuak museoan garatu eta erakutsiko dira.

Argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren 20. urteurreneko ospakizunakaz bat egiten dau Eginberri proiektuaren deialdiak. Bizkaiko Foru Aldundiak be lagundu dau. Proposamenak aurkezteko epea zabaldu barri da eta, urtarrilaren 30era arte, edozein disziplina artistiko (arte plastikoak, ikus-entzunezkoak zein performancea) lantzen daben sortzaileek euren proiektua aurkeztu ahal izango dabe. Ondoren, Guggenheimeko eta Foru Aldundiko bina ordezkarik osotutako epaimahaiak aukeratuko ditu proiekturik onenak.

Deialdian parte hartzeko baldintza nagusiak bi dira: Araba, Bizkaia edo Gipuzkoakoa izatea edo hor lan egitea, batetik. Eta, bestetik, 35 urte edo gitxiago izatea. Oinarriak, zehatzago, hemen.

Epaimahaiak gitxienez hiru proposamen eta gehienez hamar aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean. Museoak 1.500 euro ordainduko deutsaz aukeratutako artista bakotxari, bere obrea garatu ahal izan daian.

Behin artisten euren obrak amaituta, Guggenheimeko 177. gelan erakutsiko dira sormen-lanak, apirilaren 10etik maiatzaren 7ra bitartean. Performance erakoak beste gune baten egin ahal izango dira. Museoko arte-arduradunen taldeak beteko dau komisarioaren zeregina.

Guggenheimeko arduradunek azaldu dabenez, ekimen hau 20. urteurrenaren ospakizunen barruan antolatu da, bertoko arte-giroagaz alkarlanean jarduteko eta gazteei euren lana Guggenheimen erakusteko aukerea emoteko asmoz. Modu horretara, gazteen sormena ezagutzera emongo dala dinoe museotik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu