'Komisario barriak' programearen emoitzea, Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2016-12-15 09:36   Kulturea

Maiatzean egitasmorako aukeratutako hamar parte-hartzaileak dira Behin behineko modu bat toki batean kokatzeko erakusketako komisarioak. Urtarrilaren 22ra arte egongo da Bilbon.

Donostia 2016ren ekimena da Komisario Barriak programea. Arte-komisario izateko prestakuntzea jaso dabe programako hamar parte-hartzaileek eta orain, prozesua amaitzeko, euren lana agertuko dabe erakusketa baten bidez. Europako Uriburu Kulturalagaz batera, Bilboko Azkuna Zentroa, Donostiako Tabakalera eta Gasteizko Montehermoso eta Artium dira bultzatzaileak.

Honeek dira hamar komisario barriak: Valerio Del Baglivo, Ángel Calvo Ulloa, Irati Irulegi, Laura Diez, Leyre Goikoetxea, Natasha Kadin, Pilar Cruz, Iker Fidalgo, Sonia Fernández Pan eta Juan Luis Toboso. Maiatzean aukeratu zituen Komisario Barriak programarako. Donostian, Bilbon eta Gasteizen ibili dira praktiken inguruko tailerrak eta topaketak egiten.

Erakusketeak lorategia dau abiapuntu, Azkuna Zentroko arduradunek azaldu dabenez, figura poetikoa eta antolakuntzako irudi dan heinean. Hartu-emonen eremua da lorategia, baina ez zentzu idealizadu baten, tensinozko eremu legez baino: naturea-kulturea, jagotea-etxekotzea, bizitzea-heriotzea, lorategia-zementua. Lorategia, parte-hartzaile askogaz, eredu legez, lan kolektiboa ulertzeko.

Allora & Calzadillaren The Great Silence bideo-instalazinoa da erakusketearen ardatza. Naturearen eta kulturearen arteko tensinoa irudikatzen da hor, Puerto Ricoko irrati-teleskopio batek hartutako irudiak alkarren ondoan ipinita, uharteko loro baten ahotsagaz nahastauta (artistak Puerto Ricon bizi dira).

Era berean, Emilio Araúxo filosofo, poeta eta etnologo galiziarraren argazkien aukeraketa bat be badago erakusketan. Nekazaritzearen inguruko bizimodua zelan dagoan desagertzen erakusten dau. Alex Cecchettiren performance bategaz batera (urtarrilaren 17an egingo dau), Allora & Calzadillaren eta Araúxoren piezak izango dira erakusketearen erdigunea. Hainbat jarduera osogarri egongo dirala aurreratu dau Azkuna Zentroak.

Urtarrilaren 22ra arte, Bilboko Azkuna Zentroko Jarduera Osogarrien Zentroan (2. solairuan) ikusi ahal izango da Behin behineko modu bat toki batean kokatzeko erakusketea. Doban sartu leiteke. Ondoren, urtarrilaren amaieran, Gasteizko Montehermoso zentrora eroango dabe Komisario Barriak programearen emoitzea dan erakusketa hau.

Donostia 2016ko eta Azkuna Zentroko ordezkariak, 'Komisario barriak' programako parte-hartzaileakaz

2016/12/14 - 2017/01/22

Bilboko Azkuna Zentroan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu