'Itzal zaunka' disko-liburu ilustradua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2016-10-28 08:06   Kulturea

Antton Olariagaren marrazkiak, Harkaitz Canoren testua eta Jexuxmai Lopetegiren musikea daukaz argitalpen barriak.

Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Harkaitz Cano (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Txakur existentzialista baten gogoetak eta gorabeherak dira Elkar argitaletxearen Itzal zaunka liburuaren ardatza. Publiko helduari zuzendutako istorioa da, irakurlea oinarrizko zalantzetara eroateko helburua dauena. Autoreen ustez, animaliak disko-liburuan daukan ahotsa, edo ikuspegia, ez da edozein personak daukanaren desbardina.

Proiektu honen berezitasun nabarmenena sortzaileen arteko alkarlana da, formatuen nahasketea: Musikea, marrazkia eta testua dagoz. Holan, disko-liburu ilustradua izan leiteke argitalpen honen izen egokiena. Hiru euskal sortzaile ezagunek parte hartu dabe, bakotxak bere alorreko lana egiteko, baina hirurak alkarlanean.

Egileek kontau dabenez, bazkari baten sortu zan proiektua egiteko asmoa eta, hasikera baten, film baten soinu bandea egin behar leukeela esan eutsien Lopetegiri. Horri larregi eretxita, Olariagak marrazki batzuk egingo zituala pentsau eben eta Canok bihurtuko ebala hori pelikula. Ondoren, behin betiko egitasmoa zehazten hasi ziran.

Antton Olariaga marrazkiak egiten hasi zan, konturatu orduko formatu txikiko 50 inguru eginda eukazan. Modu edegian sortu eban istorioa, istorio zarratu batera mugatu beharrean. Harkaitz Canori pasau eutsazan marrazkiak eta honek berehala onartu ei eban horren ganean istorio bat sortzeko erronkea. Kontakizuna txakurraren ikuspuntutik eregitea pentsau eban Canok. Holan jaio zan Itzal zaunka-ren istorioa.

Musikaz Jexuxmai Lopetegi arduratu da. Hamaika abesti sortu ditu eta Harkaitz Canok Lopetegiren doinuen ganean idatzi ditu berbak. Zarauzko Noizbehinka estudioan grabau dabe diskoa, kolaboratzaile ugariren laguntzinoagaz. Guztira, 19 musikarik lagundu dabe: Pettik, Andrea Lopetegik, Ane Arrutik, Unai Morazak...

Euskal literaturan eta musikagintzan gitxitan ikusten dan nahastea dakarre, honenbestez, Olariagak, Canok eta Lopetegik. Proiektu multidisziplinarra dala esan leiteke. Nire zorakeria bat gauzatua ikustea sekulako lujoa da, esan deutso Elkar argitaletxeari Antton Olariagak. Neure kabuz egingo ez neukezan gauzak egiteko eta neure kabuz helduko ez nintzan lekuetara heltzeko modua emon deust alkarlanak, ganeratu dau Harkaitz Canok. 60 urte bete ditu aurten Jexuxmai Lopetegik eta proiektuan parte hartzea opari ederra izan dala dino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu