Liburu zahar eta aukerakoen azokea Bilbon, urriaren 28tik zemendiaren 13ra

Bizkaie! 2016-10-27 13:31   Kulturea

Bilboko Arenalean 42 erakusmahai ipiniko ditue. Ohiko dendetan ez dagozan liburuak topetako aukera bikaina da, antolatzaileen esanetan.

Unai Aizpuru (Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartekoa), Asier Muniategi eta Kepa Torrealdai | Ikusi handiago | Argazki originala

Asier Muniategi liburu azoketako koordinatzaileak adierazo dauenez, liburu zahar eta aukerakoen azokeak enkantu berezia dauka, beste leku batzuetan ikusten ez diran liburuak dagoz. Arenaletik osteratxua egiten dauen irakurzalearentzat zein bildumagile adituarentzat aproposa da, danentzako eskaintzea dagoalako. Aukerakoen atalean, deskatalogautako liburuak prezio merkean erosteko erea dago, euro batetik aurrera. Zaharren atalean, ostera, antxinako liburuak dagoz, tartean autore ezagunen lehenengo edizinoak zein ehun urte baino gehiagoko aleak.

Jentea liburu-dendetara joaten da nahi dauen liburua erostera, baina batzuetan titulu hori ez dago, katalogotik kendu dabelako, azaldu dau Kepa Torrealdai Bizkaiko liburu-saltzaileen alkarteko presidenteak. Holako irakurleentzat oso plaza aproposa da hau. Aspaldi argitaratu eta orain katalogotik kanpo dagozan liburuak nahi dituen personak gero eta gehiago dirala igarri dabe liburu-saltzaileek.

Aurtengo edizinoa 38.a izango da eta urriaren 28tik zemendiaren 13ra egingo dabe, Bilboko Arenalean. Batez be Euskal Herritik, baina baita Espainiatik be, etorritako 23 banatzailek eta liburu-dendak parte hartuko dabe. Guztira, 42 erakusmahai ipiniko ditue. Aukerako liburuak izango dira erakusmahaietan salduko diran % 60 inguru, ganerakoak antxinakoak.

Saltzaile batzuk 30 urtez etorri izan dira Bilboko azokara, Asier Muniategik azaldu dauenez: Gustura etorten dirala ikusten dogu, behin etorten dana hurrengo urteetan be etorten da normalean. Erosleak be pozik egoten dira, azoka desbardina dalako hau. Bilbon badagoz liburu-zale asko, azokeak beti izaten dau erantzun ona, dino Kepa Torrealdaik, Arenala ingurune parebakoa da, giro polita sortzen da. Bildumagile asko egoten dirala dino.

Muniategik argitu dauenez, gastronomia eta historia dira jenteak gehien bilatzen dituan gaiak eta, perretxikoen sasoian gagozanez, mikologia be bai. Antxinako liburuen artean, Gerra Zibilaren eta Gerra Karlisten ingurukoek arrakasta handia izaten dabe. Edonoren gustu eta neurriko liburuak dagozala ziurtatu dau Muniategik. Hori bai, euskal autoreak topetea gatxagoa izaten da era honetako azoketan: Hemengo autoreei ez jake gustetan euren obrea deskatalogauta egotea, orduan titulu gitxiago egoten dira.

Liburu zahar eta aukerakoen azokako arduradunek dei egin deutsie herritar guztiei erakusmahaietatik pasetako. Berrirakurtea kirol ona da, dino Muniategik, gaztetan liburu asko irakurten doguz, sarri behartuta, eta urte batzuk geroago barriro irakurrita disfrutau egiten dogu. Azokearen lehenengo asteburuan, zemendiaren 1eko zubia tarteko dala, jentetsua izango dala uste dabe antolatzaileek. Lorak, liburuak eta bisitariak nahastauta, Arenalean koadro polita ikusiko dala dino Muniategik.

Hauxe azokearen ordutegia: Goizez 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:30era. Asteburuetan ordu erdi beranduago zarratuko da iluntzean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu