Disko-liburua plazaratu eta aldi baterako etena egingo dau Bide Ertzean taldeak
2016-10-14 08:39 KultureaTirada mugatua izango dau Bide Ertzean-en lan barriak. Zuzeneko kontzertu batzuk emongo ditu taldeak eta, ondoren, etenaldi mugabako bat egingo dau.
Zutaz kantatzeko izeneko disko barria esanguratsua izango da Bide Ertzean taldearen ibilbide luzean. Alde batetik, produktu berezia izango dalako: Jon Eskisabelek idatzitako testuak eta bitxikerien bildumea izango dan CDa izango ditu argitalpenak. Bestetik, etenaldi luzearen aurreko azken emoitzea izango dalako, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak aurreratu dauenez.
Bide Ertzean 1998ko udan sortu eben Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik. Harrezkero, bederatzi disko plazaratu ditu Tolosa inguruetako taldeak. Kolaborazino ugari izan ditue urteotan eta euskal idazle askoren berbei musikea ipini deutsie. Pop estilotik hurreko estiloagaz, Euskal Herriko gaur egungo erreferentziazko taldeetako bat da Bide Ertzean.
Hori guztia liburu baten batu dau Jon Eskisabel kazetariak, laster argitaratuko dan Zutaz kantatzeko disko libururako. Ganera, CD baten, 18 urteko ibilbidean batutako bitxikeriak eta pasadizoak sartu ditue. Musikeari jagokonez, 14 kantako bildumea dakar diskoak: Aurreko diskoetatik aparte itxitako piezak, orain arte argitaratu bako bersinoak, zuzenekoetarako moldaketa batzuk, maketak eta abar dagoz 14 abestien artean.
Liburua eta diskoa alkarren osogarri dira. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak azaldu dauenez, edizino mugatua izango da, beraz, zaleek adi ibili beharko dabe. Dana dala, Bide Ertzean-en doinuak zuzenean entzuteko erea be egongo da etenaldiaren aurretik. Abenduaren 6an Durangoko Plateruenan joko dabe, 15ean Bilboko Kafe Antzokian eta 18an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bilborako eta Donostiarako sarrerak salgai dagoz eta Durangoko emonaldian doban sartu ahal izango da.
Etenaldia noiz artekoa izango dan ez dabe zehaztu Bide Ertzean-eko taldekideek. Adierazo dabe, mugabakoa izango dala eta bolada luze baten ez dala haien doinuak zuzenean entzuteko aukerarik izango.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!