Zazpi pintura erakusketa ibiltari Bilboko udaltegietan, Expodistritoren eskutik

Bizkaie! 2016-08-31 12:59   Kulturea

Irailaren 1ean hasiko da Expodistrito ekimenaren hiruhileko honetako programazinoa. Artea auzoetara hurreratzea da helburua.

Amadou Loum senegaldarraren artelan bat (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udaleko Kultura Sailak azaldu dauenez, oraingoan Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Zazpi Kaleetako eta Errekaldeko udaltegietan ipiniko ditue Expodistritoko erakusketa ibiltariak. Lekuz leku joango diran zazpi erakusketa izango dira guztira, autore, estilo eta formatu desbardinetakoak.

Lehenengo erakusketak irailaren 1ean zabalduko dira eta hilaren 14an amaitu. San Inazion Amadou Loum artista senegaldarraren erakusketea ipiniko dabe, bere bidaietan ezagutu dituan herrien alderdi sinbolikoa erakusten dauena. Otxarkoagan, Carmen Ortiz de Urbinaren bakarkako erakusketea ikusi ahal izango da. Arkatzez egindako erretratua da artista autodidakta horren bereizgarria.

Castaños udaltegian Resurgere izeneko erakusketa kolektiboa egongo da. Santa Maria de Rioseco monasterioaren zaharbarritzearen inguruan sortutako artista talde bat dira. Bestetik, Haizea kolektiboak beste erakusketa bat dakar Abando-Barrainkuara. Donejakue Bideko uri eta paisaiak batzen dira talde horrek Expodistritorako aukeratutako artelanetan.

Hurrengo asteetan, beste udaltegi batzuetara eroango ditue horreek erakusketak. Ganera, beste hiru erakusketa barri be ikusi ahal izango dira: Alfredo Gomezen akuarelak, Durangoko Arte Alkartearen taldekakoa eta Euskal Akuarelarien Alkartearen lanen aukeraketea.

Erakusketak doban ikusi leitekez. Expodistritoren asmoa uriko arte eskaintzea deszentralizetea da, horretarako zortzi barrutietako udaltegietan erakusketak antolatuta. Bide batez, publikoari artista gazteen lana ezagutzera emoteko helburua be badauka ekimenak, eta ezagunagoak diran beste sortzaile batzuen erakusleku bihurtzea.

Erakusketa bakotxa ze udaltegitan eta noz egongo dan, hemen.

 

Haizea kolektiboko Carlos Bizkarrondoren margolana

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu