Sei urtetik beherakoentzat Bilbobus doban

Bizkaie! 2016-08-30 08:43   Kulturea

Bilboko Udalak 6 urtetik beherakoentzat Bilbobus doban izatea erabagi dau. Orain arte 4 urtetik beherakoentzat izan da.

Sei urtetik beherako umeek doban erabili ahal izango dabe Bilbobus datorren eguenetik aurrera, hau da, irailaren 1etik aurrera. Orain arte 4 urtetik beherakoentzat izan da Bilbobuseko autobusetan doban ibiltea.

Bilboko Udaleko Zirkulazino, Garraio eta Ingurumen Sailak hartutako erabagi hau mobikortasun jasangarria sustatzeko eta danen eskueran jarteko neurri barriak hartzeko apustuaren barruan dago.

Alfonso Gil zinegotziak azaldu dauenez, ume txikiak dituen familiei Bilbobus garraio publiko jasangarri lez aukeratzea erraztu nahi izan deutsee. Neurri honegaz, familien ekonomian eragin negatiborik barik familietako kide guztiek Bilbobus zerbitzua erabili ahal izatea ahalbidetu nahi da. Esangura horretan, inguruko urietako eta Espainiako uri nagusietako autobus-zerbitzuek baino prezio merkeagoa eskaintzen dau Bilbobusek.

Zirkulazino, Garraio eta Ingurumen Sailaren asmoa Artxandako Funikularrean neurri berbera jartea da, horretarako hurrengo Administrazino Kontseiluan 6 urtetik beherakoek doban bidaiatzearen proposamena egingo dau.
 
2015ean, Bilbobusen bidaiari-kopurua 26 miloetik gorakoa izan zan. Aurreko urtean baino 50.000 bidaiari gehiago. Udalaren garraio-zerbitzuak 43 linea ditu; 27 arrunt, 8 auzolinea eta 8 gautxori. Danetara, 147 autobus ditu eta geralekuak 516 dira; hau da, biztanleen % 99,8k etxetik 300 metrora edo gitxiagora dauka geraleku bat.

Bilboko Udalaren Zirkulazino, Garraio eta Ingurumen Sailak egindako inkestearen arabera, Bilbobus zerbitzuaz erabiltzaileek daben gogobetetze-mailea sendotu egin da, izan be, notea oso ona da: hamarretik 7,32.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu