Lehiaketa gastromikoak eta Hiri Krosa, Bilboko Konparsen ekitaldi jentetsuenak

Dabi Piedra 2016-08-29 12:51   Kulturea

Aste Nagusiaren balorazinoa egiteko orduan, gizarteak eraso matxistei emondako erantzuna azpimarratu dabe konparsek. Jaiaren etorkizuna itsasadarrean dagoala dinoe.

Lehiaketa gastronomikoan, parte-hartzaileak lanean (argazkia: Bilboko Konpartsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egunean egunean sortu diran beharrizanei erantzuteko eta jarduera barriak asmatzeko, konparsakideek eta herritarrek irudimen handia erabili dabela dinoe Bilboko Konparsek eta horrek bihurtzen dauela Aste Nagusia berezi. Egunotako beroari aurre egiteko, esaterako, metodo barritzaileak pentsau behar izan ditue: Piszinak, iturriak eta abar. Igazkoagaz alderatuta, aurten bikoxtu egin da txosnetan erabilitako izotz kopurua.

Eraso sexistei be aurre egin behar izan deutsie jaietan, baina, Oihana Pascual konparsakideak adierazo dauenez, puntu negatibo horri ikuspegi baikorretik begiratu nahi deutsie. Horregaitik, gizarteak emakumeen aurkako erasoei emondako erantzuna nabarmendu dau. Jendarteak mailea emon dau, dino Pascualek. Eraso bat egon dan bakotxean, herritarrak laguntzeko prest egon dirala azaldu dau.

Bariku gauean, ordubetez Aste Nagusia geratzea lortu ebela ganeratu dau Oihana Pascualek, eraso matxisten aurkako protestea gogoan. Konparsek ez eze, taberna ugarik, kontzertuak emon behar zituen musika taldeek eta beste eragile askok bat egin eben geldialdiagaz eta guztiei eskerrak emon deutsiez Bilboko Konparsek, danak izan dira erantzunaren parte.

Pascualek ganeratu dauenez, Aste Nagusia geratu genduan, baina gu ez gaitue geratuko. Eraso matxisten kontrako lanean segiduteko asmoa daukiela eta konparsak burruka horretan erreferentzia bihurtu dirala dino Pascualek: Gure bulegoko telefonoak salaketak jaso ditu, txosnetara etorri dira asko erasoen aurkako protokoloa martxan jarteko, konparseroei laguntzinoa eskatu izan jake...

Ekitaldiei jagokenez, ohiko moduan, lehiaketa gastronomikoak eta Hiri Krosa izan dira jentetsuenak. 500 tortilla baino gehiago, 76 txipiroi kazola, 56 makailao bizkaitar erara, beste 76 pil-pilean eta 155 marmitako aurkeztu dira aurten. Hiri Krosean be, dorsalak berehala agortu ziran.

Itsasadarraren alde egindako apustuak emoitza ona ekarri dau, bertan antolatutako ekintzetan igoera nabarmena egon dalako. Etorkizunean itsasadarra jaiaren gune nagusietako bat izango dala aurreratu dau Pascualek. Asko ikasi dogu datorren urtean benetako saltoa emoteko, errekea guztiz hartuko dogu.

Edalontzi berrerabilgarrien inguruko esperientzia barria be arrakastatsua izan da. Proiektu pilotu bat abian ipini dabe, Aste Nagusiaren amaieran basoak batu eta, garbitu ostean, berrerabilteko. Balorazinoa positiboa da, 12.800 edalontzi batu dituelako boluntarioek. Datorren urtean esperientzia horretan sakontzeko asmoa  daukie. 

Gisèle Felli Gorritxo txupinereari eta Patxo Telleria pregoilariari eskerrak emon deutsiez Bilboko Konparsek, bederatzi egunez Aste Nagusiko ordezkari izateagaitik. Jai herrikoien eta partehartzaileen aldeko deia eginaz amaitu dabe agerraldia konparsakideek. 

 

Konparsakideen arteko jokoak
 
Iker Martin eta Oihana Pascual arduratu dira Bilboko Konparsen balorazinoa azaltzeaz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu