Bizkaia Zubiak 123. urteurrena ospatzeko jarduerak atondu ditu garagarrilaren 28rako

Bizkaie! 2016-07-21 08:30   Kulturea

Bizkaia Zubiaren 123. urteurrena eta Munduko Ondare izentapenaren hamargarrena ospatzeko jarduerak izango dira.

Bizkaia Zubiak hainbat ekintza antolatuko ditu hurrengo garagarrilaren 28an, bere 123. urteurrena eta Munduko Ondare izentapenaren hamargarrena ospatzeko, besteak beste, Zubi Pintxo lehiaketea, Getxoko eta Portugaleteko udalen eta Aingeru Etxebarriaren Sukaldaritza Eskolea, Catering Zerbitzuaren lankidetzeagaz.

Jardueren antolatzaileek jakinarazo dabenez, hilaren 28ko ekintza gehienak gastronomiagaz lotuta egongo dira, berbarako, Zubi Pintxo lehiaketea. Sukaldari profesionalek zein hasibarriek parte hartzeko aukerea izango dabe, eta Sukaltxiki eta umeei zuzendutako tailerrak be izango dira.

Edade guztietako publikoari heltzeko asmoz, kirol ekimenak be egingo dira. UNESCO eta Bizkaia Zubiaren inguruko berbaldi bat be izango da Puente Colgante hotelean, 18:00retan: 10 urte munduko ondarea, herri oso baten harrotasuna, bere historia eta bere izendapenera eroan eben arrazoiak. Hizlariak: UNESCO-ko kide Rafael Sarria eta Jabi Goitia.

Horrezaz gan, La Salve garagardao enpreseak antolatutako kontzertua eskainiko dau Dekot talde bizkaitarrak Getxoko Terrazan, iluntzeko 21:00etatik aurrera. Maruriko taldea 2016ko Gaztea Maketa lehiaketearen irabazlea izan da eta garagarrilaren hasieran BBK Live jaialdian be parte hartu eban kontzertu gogoangarria eskainiz.

Goizeko 11:00etan hasiko dira umeentzako dobako ekitaldiak baina egitarau osoa eta ordutegiak ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu