BAD Jaialdiak Volmir Cordero, Igor & Moreno edo Albert Quesada lako artista eta konpainien lanak eskainiko ditu

Bizkaie! 2016-07-20 09:36   Kulturea

Jaialdia urriaren 20tik 29ra izango da, eta Lurrak zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bersinoaren aurre-estreinaldia be jasoko dau urriaren 28an, Campos Antzokian.

Bilboko Udalak antolatzen dauen eta urriaren 20tik 29ra uriko sei agertokitan egingo dan BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, nazinoartean izen eta ospe handia daben zenbait konpainiaren eta artistaren azkenengo lanak eskainiko ditu La FuNdicIOn aretoan. Artista horreen artean Volmir Cordero, Igor & Moreno, Lagartijas Tiradas al Sol edo Albert Quesada dagoz; azken horrek, ganera, sektoreko profesionalei zuzendutako tailer bat eskainiko dau.
 
La FuNdicIOn aretoan ikusi ahal izango diran ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz honezkero. Programazinoari hasierea emoteko, urriaren 20an, Frantzian bizi dan Volmir Cordero jantzari eta koreografo brasildar gazteak Ines izeneko bakarreko jantza ikuskizuna estreinauko dau Euskadin. Proposamen horrek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzinoa dauka. Frantziako jantza garaikidearen munduan garrantzia eta ospe gehien hartzen dagoan artistetako bat da.

Hurrengo egunean, Igor & Morenoren txandea izango da. Euren egoitza Londonen daben arren, jantzearen pentzutan bizi dira, euren lanak Europan eta AEBetan, Txilen eta Txinan aurkeztuz. Oraintsu Erresuma Batuko National Dance Awardsen izentapena jaso dabe, eta Ingalaterran kritika bikainak jaso dituan A Room For All Our Tomorrows euren azken lana aurkeztuko dabe Euskadin lehen aldiz.

Aurtengo programazinoak, orain urte bi BADen egon zan Mexikoko Lagartijas Tiradas al Sol konpainia be jasoko dau. Oraingo honetan, Antzezpenak politikari eta demokraziari buruzko gogoetea egiteko eskaintzen dituan aukeretan eta bi horreek ulertzeko eta ikusteko dogun moduan ekonomiaren eraginean sakontzen dauen Tijuana antzezpena eskainiko dabe.

La FuNdicIOn aretorako egitaraua Janet Novas (urriaren 25ean eta 26an) eta Noente Paradise (urriaren 29an) Galiziako konpainien ikuskizunakaz eta UnDosTresUnDos bere lan berria aurkeztuko dauen Albert Quesada jantzari eta koreografo katalanagaz (urriaren 24) osotuko da. Azken ikuskizun horrek, flamenkoa barrutik apurtzen dau, arte horren magia bereziaren alderdi bakotxa aztertuz. Jantzari bik euren gorputzak eta ahotsak erabilten ditue, flamenkoa zer dan, idatzita ez dagoan eta aldi berean musikea eta jantzea dan lengoaia horrek zelan funtzionetan dauen galdetzeko, hain komunikazino indartsua sortzeko.

Horrezaz gan, Albert Quesadak jantza profesionalei eta ikasleei zuzendutako tailerra eskainiko dau La FuNdicIOn aretoan domekan, urriaren 23an, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara (10 euro). Tailer horren helburua inprobisautako jantzan erabilten dogun musikaz eta sortzen dogun erritmoaz konsziente izatea izango da. Horretarako jantzea landuko da, dituan era guztietan: bakarkakoak, bikoteak, hirukoteak, etab. jolasen eta mobiduten dagozan partituren bitartez, alkarregaz jolasteko eta jantzan egiteko.

BADen barruan beste tailer bat be egongo da, Dantzertin, Euskadiko Arte dramatiko eta jantza Goi Mailako Eskolan. Bertan, Igorrek & Morenok, bakotxa norbanako lez abiatuz eta gure hurreko ingurunea zabalduz, aldaketa soziala gure eguneroko bizitzako esku-hartze koreografien bitartez hasi daitekeela aztertuko dabe. Daily Dances horretan, koreografia, adierazoteko tresna lez proponoduteaz gan, gizarte ekintzako tresna lez be proponiduten da.


Zirku garaikidea

BADen hurrengo edizinorako programazinoak, Bilboko eta Gasteizko Udalek produzidu daben Lurrak euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bersinoaren aurre-estreinaldia be jasoko dau, urriaren 28an. Adrian Schvarzsteinek zuzendutako ikuskizunaren kaleko bersinoa bagilean estreinau eben Kaldearten, eta joan dan bagilaren 27an, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia - Bilboko Kalealdia inaugurau eban.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikide ikuskizun lez ulertzen dan ikuskizun horretan, bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimensinoa eta tipologiagaitik euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez dauen ikuskizuna eszenaratuko dabenak, izan be, formatu handiko produkzino lana da, muntaketa teknikoagaitik eta, batez be, ikuskizunean parte hartzen dauen profesional kopuruagaitik.

Interpretazino taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osotzen daben bikotea dira. Musikariei jagokenez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori be santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak joten dituanak, osotzen dabe taldea; Gotzon Urduliz Batikon be laguntzaile izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu