Elorrio jai giroan sartuko da irailaren 3tik 11ra

Bizkaie! 2016-07-13 08:38   Kulturea

Urtero lez, Elorrioko herritarrek Ferixa Nausikoak ospatuko ditue iraileko lehen astegoienean.

Irailaren 3tik 11ra bitartean izango diran ekitaldiak iragarri asmoz, Udalak agerraldia eskaini dau. Idoia Buruaga alkateaz gan, prentsaurrekoan Leyre Balerdi kartelaren egileak, Intxorta Asti Alkarteko kideek eta Jai Batzordeko ordezkari batek parte hartu dabe.

Lehenengo eta behin, eskerrak emon nahi deutsedaz jai honeek posible egiten dituen elorriar guztiei. Elorrioko jaiak jai herrikoiak dira, eta emoitza hori jente askoren lanari esker izaten da. Udaletik esker ona erakutsi nahi deutsegu guzti-guztiei, adierazo dau Idoia Buruaga alkateak.

Jaietako kartel lehiaketearen irabazle subertau da Leyre Balerdiren lana. Balerdik beste zazpi kartelen aurrean lehiatu behar izan dau, eta pozik agertu da bere lana aukeratu izanaz: Txupinazoaren momentua isladatu nahi neban kartelean, eta uste dot lortu dodala. Haren alboan izan dira Intxorta Asti Alkarteko kideak, eurek izango dabelako aurten txupinazoa jaurtiteko ardurea. Hemen baldin bagagoz gure aurretik izan zan jente askoren lanari esker da. 27 urte daroaz Intxortak herriko umeei beste aisi eredu bat eskaintzen. Geu ere umeak izan ginan eta orain begiraleak gara; holan egiten dogu lan Intxortan, adierazo dau Intxortako Maialen Piña begiraleak. Buruagak, bere aldetik, eskerrak emon deutsez: Duda barik, txupinazo hau merezidutakoa da.


Gaupaseroen argazkia

Irailaren 3an, zapatuan, emongo deutsie Intxortakoek jaiei hasierea udaletxeko balkoitik. Halan da be, barikurako herria jai giroan sartuta egongo da, izan be, Aukeren Azokaz gan, Gazte Eguna ospatuko da. Gazteenek bazkaria, txosnen edegierea eta kontzertuak izango ditue egun guztian zehar. Aurten be barritasun bat izango da, domeka goizaldean, txosnak zarratzeagaz batera, gaupaseroen argazkia aterako dabelako.

Etxera joaten diran gaupaseroei erreleboa emongo deutsee domeka goizean Ferixara hurreratuko diranek. Eguerdi partean, barriz, Senegaleko musika eta jantza kalejira zein txistulariak izango dira herria alaitzen. Horreez gan, pelota partiduakaz, ballet ikuskizunagaz zein mariatxiakaz gozetako aukerea izango da domeka arratsaldean.


Nagusien Eguna, Aldatsekuan

Astelehenean, barriz, Koadrilen Eguna izango da. Ohiko bazkariaren ostean, koadrilen jatsiereak alaituko dau Aldatsekuatik plazara arteko bidea, bertan ospatuko baitira koadrilen arteko jolasak. Gauean, barriz, disko festa izango da plazan eta karaokea txosnagunean.

Astea indarrak berreskuratzeko erabili ostean, barikuan Nagusien Eguna ospatuko dabe Aldatsekuan. Horrezaz gan, areto futbol, rugby eta futbol partiduak jokatu dira arratsaldean zehar. Hurrengo egunean, zapatuan, jaietako beste ekitaldi garrantzitsu bat ospatuko da Aldatsekuan: Sukalki Eguna. Egun horretan mozorrotuta joateko konbita luzatu dau Buruaga alkateak, 17:30ean karrozen jatsierea izango baita.


Jai parekideen aldeko mezua

Jaiei amaierea emoteko, domeka goizean Elorrioko Kulturak dasta ditzagun alkartasun jaialdia ospatuko da, eta arratsaldean bertso saioa eskainiko dabe Casajara jauregian.

Amaitzeko, jaiez gozetako deia egin deutse Buruagak elorriar guztiei eta kanpotik datozenei be. Halan da be, gogorarazo nahi deutsiet jai parekide batzuen alde lanean ibili garela eta ez doguzala jarrera ez eta eraso sexistarik onartuko. Libre izan zaiteze jaiez gozetako, baina errespetuz, gaineratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu