XXIV. Euskal Encounter-ek segundoko 40 giga simetrikoko konekzino-abiadurea eskainiko dau

Bizkaie! 2016-07-08 13:40   Kulturea

Hilaren 22 eta 25 bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo dan ordenagailu-jaiak alkarren artean konektautako ordenagailu-sare erraldoia izango dau, 35.000 metro koadroko azalera batean.

Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatzen dauen Euskal Encounter topaketea espainiar Estaduko informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da, eta inoz baino zabalagoa izango da aurten. Partyak marka barria hausi dau 512 ordenagailu-postu gehiago eskainiz; hau da, danetara, 4.608 jesarleku.

Euskaltel Konektak parte-hartzaileen kopurua handitzeko modua topau dau, urtero zale kopurua handituz doala eta erreserbak azkarrago egiten dirala ikusita. Halan da guztiz be, Euskal Encounterreko partaideentzako erreserba-denporea txiki geratu da aurten be, jesarleku kopurua handitu arren. Euskaltelek eta Eusko Jaurlaritzeak (SPRIren bitartez) babesten daben topaketako sarrerak bost minutu eskasean agortu eta igazko sei minutuko markea hobetu dabe.

Garagarrilaren 22 eta 25 bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo dan ordenagailu-jaiak alkarren artean konektautako ordenagailu-sare erraldoia izango dau, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik bako jarduerea izango da, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideojokoak ardatz dituen dozenaka ekintza eta lehiaketagaz. Euskaltelen teknologiaren bidez, konekzino-abiadurea segundoko 40 giga simetrikokoa izango da (datuen igoerarako 40 giga eta jatsierarako beste 40). Abiadura horri esker, munduan parekorik ez dauen informatika-topaketa bilakatu da Euskal Encounter.

Aurtengo barritasunen artean azpimarragarria da Opengunea, dobakoa eta publikoari edegia dan gunea, ordenagailuen eremuan bertan kokatuko dala. Modu horretan, antolatzaileek alkarrekintzea bultzatu nahi dabe ordenagailu-postuetan dagozan parte-hartzaileen eta stand, berbaldi zein tailerretara hurreratzen diran bisitarien artean. Opengunean hogeita hamar formakuntza-saio baino gehiago emongo dira, gai anitzen inguruan: programazinoa, diseinu digitala, sare sozialak, robotikea eta bideo-jokoak, besteak beste. Ganera, Euskal Encounter barrutik ezagutu eta parte-hartzaileei erreserbautako lehiaketetan parte hartu nahi dabenek, topaketan bertan salgai jarriko diran eguneko sarrerak eskuratu ahal izango ditue.

Euskal Encounterrek, urtetik urtera, hainbat sektoretako profesional eta zaleen arteko hartu-emonak bultzatzeko apustua egiten dau, talentu teknologikoak suspertu eta negozio idea barriei bidea emoteko; helburu horrek Euskaltel Konekta fundazinoaren filosofiagaz bat egiten dau. IKTen erabilerearen testuinguruan, personen, enpresen eta ekimenen arteko alkarrekintzea sortu eta sustatzeko asmoz, kolektibo desbardinei zuzendutako ekintza ugari antolatu eta bultzatzen ditu. Jente gehien batzen dauen ekitaldietako bat da Euskal Encounter, dibersinoa, kolaborazinoa, formakuntzea eta ekintzailetzea bateratzen dituan ekimena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu