BIA Forumeko jarduerak Zorrotzaurreko Papelera eraikinean izango dira

Bizkaie! 2016-07-07 12:35   Kulturea

BIA Forum 2016, Bilbon nazinoarteko adituak tarteko dirala egingo dan uri birsonkuntzearen kongresu bat baino gehiago da.

Bizkaiko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, herritar guztiak, garagarrilaren 8tik aurrera, Zorrotzaurreko Papelera eraikinean ospatuko dan foro horretan sartu nahi ditu. Bertan, hainbat ekintza izango dira, batzuk dobakoak eta beste batzuk prezio berezikoak.

Papelera, Bilbao Ekintzak erakundeak birgaitutako eraikin industriala da, Zorrotzaurreko peninsulan kokatutakoa. Bertan, herritarrentzako ekintzak izango dira. Honegaz lortu nahi dana da, balio arkitektoniko handia dauen eta Bilboko ondare arkitektonikoko bitxia dan eraikin hau jenteak ezagutzea.

Papelera eraikina, jentaurrera zabalik egongo da garagarrilaren 8tik 15era, etenik barik 10:00etatik 20:00etara. Espazio honek, garagarrilaren 8an edegiko ditu bere ateak Rafael de la Hoz arkitektura estudioko Zaloa Mayorren berbaldiagaz. Horrezaz gan, bertan jarriko dira ikusgai, Elorrietako Erriberea birgaitzerako antolatu dan Nazinoarteko Idea Txapelketako obra irabazleak. Azkenik, FotoBIA txapelketako argazki finalistak be hortxe ikusi eta bozkatu ahalko dira.

Garagarrilaren 11n eta 12an, umeentzako tailerrak izango dira, Plastikozko begiradak, auzoko islapen bat izenburupean. Partaideek, birziklautako materialak hartuta, monitoreen laguntzinoagaz, taldeko sormen bat egingo dabe, auzoko ikuspuntu barri batera hurreratuz.  

Hilaren 13an eta 14ean, Musika akustikoa eta DJ saioak egongo dira, 20:00etatik aurrera. Kontzertuak publikoak izango dira eta arkitektoez osotutako taldeek emongo ditue. Zehatz esateko, 14ko saioa, WASeko (lehengo We Are Standard) Deu Txakartegi eta Willy Vanilliren eskutik izango da.

Bilboko zentrotik Papelerako eraikinera heltzeko, antolatzaileek gasolino bat jarriko dabe doban, arratsaldez (16:30etik 19:30era). Honek, Uribitarteko kaia eta Deustuko Erriberea lotuko ditu.

Ganera, hilaren 8tik aurrera, bidaia gidatuak egingo dira Nerbioitik Abraraino, Bilboko ibaiko bizitegi eta industria arkitekturEa ikusteko. Bisitak Itsas Museotik aterako dira eta sarrerak, Papelera eraikinean erosi ahalko dira prezio murriztuan. Sarrera horreen bitartez lortutako dirua, Mugarik Gabeko Arkitektoak GKE-ra bialduko da alkarlan proiektuetarako.

Ibaiaren ikuspuntu barri bat ezagutu nahi daben abentura zaleak, ordu biko bisita gidatuetara apuntau daitekez Stand Up Paddle-en. Ontziek emoten daben ikuspegiari esker, gaur egunean ibaian zehar dagozan uri paisaje desbardinak aztertu ahal izango ditue, eta etorkizunean garatu beharreko modelo paisajistikoez eztabaidatu. Ekintza hau Papeleran hasiko da garagarrilaren 9an eta 10ean, 11:00etatik 16:30era.

Ur partzuergoak BIA Forumak dirauen bitartean, Unibersidadeko Sifoia edegiko dau. Ibilbidea eraikin nagusian hasiko da, botika zaharra kalearen parean, eta ibaiaren beste aldean amaituko da.

BIA 2016, Euskal Herriko Elkargo Ofizialak (EHAEO) Bizkaian dauen ordezkaritzearen ekimena da, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Tecuniren laguntzinoagaz, beste batzuen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu