Sexu bereko personen arteko ezkontzearen eta sexu aldaketearen alde dagoz Euskadiko gazte gehienak

Bizkaie! 2016-05-16 16:04   Kulturea

Maiatzaren 17a, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna dala gogoan hartuta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteak 2016 ikerketearen datuen aurrerapena plazaratu dau.

Maiatzaren 17a, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna dala gogoan hartuta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteak 2016 ikerketearen datuen aurrerapena plazaratu dau. Ikerketa hau lau urtean behin egiten dau behatokiak gazte kopuru adierazgarri bati egindako inkesten bidez; oraingo honetan, lagina 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gaztek osotu dabe.

Ondorioen artean, Euskadiko gazteak gero eta toleranteagoak dira. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 92 ez dagoz ados oinarrian homosexualidadea gaixotasun bat da eta holan tratau behar da baieztapenagaz; izan be, % 3 baino ez da azaldu ados esaldi horregaz.

Horrezaz gan, 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienak sexu bereko personen arteko ezkontzearen alde azaldu dira (% 91), bai eta sexu aldaketearen alde be (% 86).

Eretxi bi horreek zabalduago dagoz orain 2008an edota 2012an baino.

Edadeari eta generoari jagokonez, 25 urtetik beherakoak 25 eta 29 urte bitartekoak baino toleranteagoak dira. Emakume gazteak gizon gazteak baino neurri handiagoan agertu dira eretxi horreen alde, bai sexu bereko personen arteko ezkontzeari buruzko eretxiari jagokonean (emakumeen % 92 alde dagoz eta gizonen kasuan % 89), bai eta sexu aldaketeari buruzko eretxiari jagokonean be (emakumeen % 88 eta gizonen % 85 alde azaldu dira).

Ondorio legez esan daiteke, beraz, identidade sexualari buruzko jarrerak edegiagoak dirala emakume gazteen artean, gizon gazteen artean baino.

Kontuak kontu, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna maiatzaren 17an ospatzen da 1990 urteko egun horretan Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen sailkapenen eskuliburutik kendu ebalako homosexualidadea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu