'Lurrak' euskal zirku ikuskizuna bagilean estreinauko dabe
2016-05-16 12:23 KultureaBilboko eta Gasteizko udalek alkarlanean produzidu dabe ikuskizuna eta bagilaren 10ean izango da lehenengo emonaldia, Arabako uriburuko Kaldearte azokan. Hil horren 27an Bilboko Kalealdian egongo da Lurrak. Zirku garaikidea eta euskal kulturea buztartzen dituan kalidadezko ikuskizuna dala dinoe bultzatzaileek.
Formatu handiko ikuskizuna da Lurrak, izan be, Euskal Herriko kale arteetan erreferente izateko jaio da. Gasteizko eta Bilboko udalek bat egin dabe produkzinoan eta goi mailako euskal artistak hartu ditue ikuskizunerako, baita kanpoko batzuk be. Hutsune bat beteko dau Lurrakek: Orain arte estilo horretako zirku ikuskizun handirik ez da egin Euskal Herrian.
Geure zirku ikuskizuna sortu nahi izan dogu, propioa, azaldu dau Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak. Iñaki Prusilla Gasteizko Kultura zinegotziak ganeratu dauenez, kalidade handiko ikuskizuna da eta, ganera, alkarlanean egindakoa. Bilboko eta Gasteizko udalek Lurrak sortzeko egindako alkarlana eredua izan behar dala uste dau Prusillak eta Euskal Herriko udal gehiagoren arteko kolaborazinoak eskatu ditu.
Labe garai, ontziola edo antzeko lantegia izan leitekean eremu baten kokatzen da Lurrak ikuskizuna. Lurrari lotutako fabrika baten historia kontetan dogu, bertako personaien istorioak agertzen dira, akrobazia eta koreografiakaz batera, azaldu dau Jon Ariñok, obrako zuzendari laguntzaileak. Hutsetik hasitako lana izan da hau, artistek ez dabe alkar ezagutzen izan eta musikea beren beregi sortu dogu, ganeratu dau. 40 minutu inguruko ikuskizuna izango da.
Guztira, bost aktore (Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig), lau musikari (Mikel Hernandez, Anai Gambra, Unai Laso eta Roberto Castro) eta teknikari bat dira Lurrakeko partaide, gehienak euskal herritarrak. Adrian Schvarzstein klown eta zirku zuzendari ezagunak zuzentzen dau.
Formatu handiko zirku garaikidea egin nahi izan dogu, baina euskal kulturan oinarrituta, azaldu dau Alonsok. Zuzeneko musika eta guzti, Prusillak nabarmendu dauenez, kalidadezko obrea sortu nahi izan dabe. Azken ikutuak emoten dabilz artistak egunotan.
Lurrak bagilaren 10ean estreinauko dabe, Gasteizko Kaldearte nazinoarteko kale arteen azokan. Bagilaren 27an, ostera, Bilboko Kalealdian egingo dabe saioa. Kalealdia beti zabaltzen izan dogu atzerriko konpainia baten ikuskizun handiren bategaz, aurten berton egindako obra bat ikusi ahal izango da, dino Nekane Alonsok.
Ikuskizunaren ibilbidea, baina, ez da Bilbon amaituko. Kaleko formatuaz gan, zemendian aretoko egokitzapena aurkeztuko dabe eta Europako antzokietara eroan nahi dabe. Gure artisten gaitasuna erakutsi nahi dogu eta Europara zabaldu nahi dogu, ahalik eta emonaldi gehien egin, adierazo dau Alonsok.
Ikuskizunaren trailerra, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!