Nazinoarteko Arpilleren Foruma izango da Donostian, Gernikan eta Bilbon zezeilaren 25etik 28ra
2016-02-23 17:42 KultureaBakea josiz: Gatazka, Arpillerak, Memoria erakusketea, Balmasedan egon zana, gaur egun Gernikako Bakearen Museoan ikusgai dagoana eta apiriletik aurrera Donostiako Aieteko Bakearen Etxean egongo dana, zezeilaren 25etik 28ra egingo dan nazinoarteko forumaren ardat izango da. Hiru izango dira foruma hartuko daben lekuak: Bilbo, Donostia eta Gernika-Lumo.
Itsasoratze artibista proiektuaren barruko forum hau zezeilaren 25etik 28ra egingo da Bilbo, Donostia eta Gernikan.
Arpillerea, barriz, kalamuz eta jutez eginiko ehun lodiz osotutako oihalari esaten jako. Tapiz mueta horreek Txile, Argentina, Peru, Zimbawe, Kolonbia eta giza eskubideen urraketak egon diran lekuetako egoeren isla bihurtu dira.
Nazioarteko hainbat arpilleragilek berbaldiak eta tailerrak eskainiko ditue eta danon artean arpillera kolektibo bat egingo dabe.
Bakea josiz: Gatazka, Arpillerak, Memoria erakusketea, Balmasedan egon zana, gaur egun Gernikako Bakearen Museoan ikusgai dagoana eta apiriletik aurrera Donostiako Aieteko Bakearen Etxean egongo dana, zezeilaren 25etik 28ra egingo dan nazinoarteko forumaren ardat izango da. Hiru izango dira foruma hartuko daben lekuak: Bilbo, Donostia eta Gernika-Lumo.
Lehenengo eguna (zezeilak 25, eguena) arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara Bilboko Euskal Museoan egingo da Ana Zlatkes ehun-artista eta arpilleragilearen eskutik Artea eta arpillerak izeneko masterclassagaz.
Ondoren, zezeilaren 26an (barikua) foruma Donostian izango da, 2016 Gunean. Han zenbait berbaldi eta tailer egongo dira, besteak beste Arpilleren gizarte proiektua jorratzeko, Brasil, Txile, Katalunia eta Euskadiko hizlariakaz. Geroago Arpilleren heziketa-proiektua landuko dabe Euskadi eta Kataluniako ordezkariakaz. Arratsaldean, danon arteko arpillera handi bat egingo da Roberta Bacic, Bakea josiz: Gatazka, Arpillerak, Memoria erakusketako komisarioaren, Pamela Luque arpilleragilearen eta Alex Carrascosa, Itsasoratze artibista proiektuko zuzendariaren gidaritzapean.
Zezeilaren 27 eta 28an (zapatuan eta domekan) foruma Gernika-Lumon ospatuko da honako gai honeek jorratuz: Arpillerak mundo akademikoan Zelanda Barria, AEBak eta Ipar Irlandako aurkezpenakaz; Museoak eta Arpillerak Euskadi, Ipar Irlanda eta Brasileko adibideakaz. Arratsaldean barriro be Donostian hasitako danon arteko arpillerEa egiteari ekingo jako.
Forumaren azken egunean (zezeilaren 28, domekea), Arpilleren lan artistikoa zein Katalunian eginiko lana ardatz daben Arpillerak eta Gerra Zibila-ri buruz berba egingo da. Forumari amaierea emoteko arpillerak egiteko familentzako tailerra antolatu da.
Ekimen hau Itsasoratze artibista proiektuaren barruan dago, artibismoa edo artearen bidezko aktibismo sortzaile eta indarkeriarik bakoa ardatz dauen ekimena gaur egungo premina sozialei modu afektibo eta eragingarritasunez ekiteko, ikerkuntzea, parte-hartzea eta erakusketea tarteko dirala. Proiektua, Donostia 2016ren Bakearen itsasargiaren, Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiaren eta Gernikako Bakearen Museoaren argipean jaio zan.
Forumeko ekitaldi guztiak dobakoak dira, baina izena emotea beharrezkoa da 688 899 950 telefonora deituz edo alexcarrascosa@gernikagogoratuz.org emailera idatziz.
Egitarau osoa hemen ikusi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!