Raquel Asensi eta Alfonso Alvarezen erakusketea ipini dabe Batzar Nagusien aretoan
2016-02-12 14:11 KultureaAlfonso Alvarezen marrazki eta pinturek bat egin dabe Raquel Asensiren zeramikeagaz eta argazkiakaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon daukien egoitzako beheko solairuan. Nomada izenburuko erakusketea EHUren eta Batzar Nagusien arteko lankidetzeari esker antolatu da eta zezeilaren 26ra arte ikusi ahal izango da, doban.
Alfonso Alvarezen marrazki eta pinturek bat egin dabe Raquel Asensiren zeramikeagaz eta argazkiakaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon daukien egoitzako beheko solairuan. Nomada izenburuko erakusketea EHUren eta Batzar Nagusien arteko lankidetzeari esker antolatu da eta zezeilaren 26ra arte ikusi ahal izango da, doban.
Aurkezpenean esan dabenez, sorkuntzearen munduan eten barik egiten dabilzan bidaiaren barruan beste geldialdi bat da erakusketea, eta horregaitik ipini deutsie Nomada izenburua. Ibilbide horretan disziplina ugari topau ditue Alvarezek eta Asensik eta, beraz, askotariko formatuak dagoz Batzar Nagusietan ipini dituen 15 artelanetan.
Alfonso Alvarezen kasuan, marrazkiak hartzen dau bere obrearen zati handi bat. Horma-irudiak marraztu izan ditu sarri, baina bideoa, ilustrazinoa eta diseinu grafikoa be landu izan dau.
Raquel Asensik, aldiz, gorputzaren aztarnetatik abietan ditu bere obrak. Nortasunaren ganeko teorietara modu kontzeptualean lotutako zeramika-piezak egiten ditu. Bere azkenengo lanetan, gorputzagaz lotutako ekintzak be egin ditu.
Lan egiteko eta artelanak sortzeko modu guztiz desbardinak erabilten ditue Alvarezek eta Asensik baina, halandabe, loturea ikusten dabe alkarren artean. Oso modu desbardinean eta, era berean, bardinean egiten dogu behar, dinoe artista gazteek, nomadismo bereziak eta alkar topetako leku barriak alkartzen gaitu.
Arte Eder Fakultadean ikasi daben artista gazteei erakusketak antolatzeko aukerea emoteko, hitzarmena sinatuta daukie EHUk eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurreko legealditik. Holan, urtean zehar hainbat erakusketa antolatzen ditue Hurtado Amezaga kaleko aretoan. Nomada izeneko hau zezeilaren 26ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik barikura goiz eta arratsalde eta zapatuetan goizez. Sartzea doban da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!