Gauerdian hasiko dira Donostia 2016ko inaugurazino-ekitaldiak

Bizkaie! 2016-01-19 09:34   Kulturea

Urtarrilaren 20a hasteagaz batera, gauerdian, Donostia 2016 Europako Kulturearen Uriburuaren inaugurazino-ekitaldiak hasiko dira. Hilaren 24ra bitartean, 80 jardueratik gora egingo ditue uriburutzeari indar betean ekiteko. San Sebastian eguneko tradizinoagaz bat eginaz, tanborradak izango dira protagonista hasikeran eta, zapatuan, ekitaldi nagusiak izango dira, tartean Hansel Cerezak gidatutako Elkarbizitzaren zubia.

Une esanguratsua aukeratu dabe Donostia 2016ri modu ofizialean ekiteko. Urtarrilaren 20a hasteagaz batera, gauerdian, tanborradek hartzen dabe urtero Donostia eta, aurten, inaugurazino-ekitaldiakaz bat egingo dau tradizino horrek. Udaletxean, Donostiako banderea ez eze, Europakoa be igongo dabe gauerdian eta nahi daben tanborradei dei egin deutsie Europako ereserkia jo daien une horretan.

Eguazten guztian tanborradak ibiliko dira Donostian eta Wroclawko umeek osotutako taldea izango da bereziena. Poloniako uri hori Europako Kulturearen Uriburu da aurten, Donostiagaz batera. Zapatuan barriro bueltauko dira tanborradak Gipuzkoako uriburura, topaketea egingo dabe eta, Kontxako pasealekuan.

Tanborradak ez dira izango inaugurazinoko ekitaldi bakarrak, 80 ekintzatik gora aurreikusita dagoz. Erakusketak, kontzertuak, jantzea, errezitaldiak, zinemea eta abar egongo dira. Ekitaldi nagusiak zapatuan izango dira, urtarrilaren 23an. Esate baterako, iluntzeko 20:00etan, Elkarbizitzaren zubia izeneko ikuskizuna egingo dabe Maria Kristina zubian. Herritar guztiak konbidau ditue Hansel Cereza La Fura dels Baus taldeko kide ohiak preparautako ekitaldi horretara joatera. Erakundeetako ordezkarien ekitaldi ofiziala zapatu arratsaldean izango da, 18:00etan, Victoria Eugenia antzokian.

Domekan amaituko dira inaugurazino-ekitaldietako jarduerak, baina hortik aurrera, martxan izango da Donostia 2016 eta, hortaz, dozenaka proposamen egongo dira aukeran. Horreetako batzuk asteon bertan hasiko dira, adibidez Europa transit dalakoa. Instalazino artistiko batzuk be egunotan zabalduko ditue.

Asteko ekitaldi guztien ganeko informazinoa eta egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu