Bilboko Itsas Museoak itsasadarraren ganeko 1.001 marrazki batzeko erronkea bota deutse 4 eta 12 urteko umeei

Bizkaie! 2015-11-27 10:14   Kulturea

Itsasadarraren magia – 35 urte bizia sortuz aldi baterako erakusketearen amaierearen harian, Bilboko Itsas Museoak erronkea bota deutse 4 eta 12 urte arteko umeei. Horreek itsasadarren ganeko mila marrazki batu behar ditue, etorkizunean zelakoa izatea nahiko leukien adierazo deien. Itsasadarraren 1.001 amesak izenburupean, ekimenak teknika librean egindako mila marrazki jaso nahi ditu erakusketa horri amaierea emoteko.

Itsasadarraren magia – 35 urte bizia sortuz aldi baterako erakusketearen amaierearen harian, Bilboko Itsas Museoak erronkea bota deutse 4 eta 12 urte arteko umeei. Horreek itsasadarren ganeko mila marrazki batu behar ditue, etorkizunean zelakoa izatea nahiko leukien adierazo deien. Itsasadarraren 1.001 amesak izenburupean, ekimenak teknika librean egindako mila marrazki jaso nahi ditu erakusketa horri amaierea emoteko.

Erakusketea abenduaren 29an amaituko da, Tor Magoaren ikuskizuna jasoko dauen eta familia osoari zuzenduta egongo dan jaiagaz. Bertan sariak zozketatuko dira euren marrazkiakaz Itsasadarraren arte albumea osotzeko parte hartzen daben ume guztien artean. Holan, partaide guztien artean, Athletic Club-eko lau kamiseta ofizial zozketatuko dira, sinatuta. Jaia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Konbidapenak Itsas Museoan har daitekez dagoeneko, Itsasadarren ganeko marrazkia aurkeztean.

Parte hartu nahi daben ume guztiek abenduaren 29ko goizeko 11:00ak arte egin ahal izango dabe, euren marrazkiak Itsas Museoaren txarteldegian entregauta. Teknikea librea dan arren, partaideek, txarteldegian bertan jaso daitekeen edo museoaren webgunetik behera kargau daitekeen txantiloia erabili beharko dabe.

Proiektua, Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Itsas ikerketarako zentro teknologikoak antolatu dabe, animalia eta landare bizitzarik ez eban eta oso egoera txarrean egoan itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzera eroan dauen hiru hamarkadatako prozesua ezagutarazoteko helburu nagusiagaz. Gaur egun Bilbo uriaren ardatz egituratzaileetakoa da, herritarren gozamenerako berreskuratu diran ibaiaren bi bazterrakaz.


Itsasadarraren magia – 35 urte bizia sortuz erakusketearen azken egunak

Ateak joan dan maiatzean zabaldu zituan erakusketeak, kolektore –hondakin urak araztegietara eroaten dituen hodiak– handiaren itxurea dauen egitureagaz jasoko dau bisitaria, eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan be, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazino-prozesu handia abiarazoi eban, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazinoan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez be. 

Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estaduko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zan. Urte gitxiren buruan, Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziran, eta, gero eta eskulan gehiago behar zanez, etorkin mobimentu handia bizi izan zan, eta horren ondorioz, biztanleriak hazkunde handia izan eban inguru horretan. 1900. eta 1975. urteen artean, populazinoa laukoiztu egin zan.

Garapen horrek aurrera egin ahala, Itsasadarraren urak kutsadura maila ikaragarria erakusten hasi ziran. Ezelako antolakuntzarik bako uri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltearen ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziran ubidera, aurretik ezelako tratamendurik emon barik. Itsasadarrak, meatzaritza ustiategietatik etozen 900 tona hondakin solido jasoten zituan egunero, 400 tona isurkin azido, 80 tona metal, eta baita zianuroa edo nitrogenoa eben konposatuak bere; laburbatuz, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziran egunero, eta, ondorioz, oxigenorik bako estolda bihurtu zan.

Bilbo Metropolitarraren Osoko Saneamendu Planaren helburu nagusietakoa Bilboko Itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzea izan zan, eta horretarako % 60ko oxigenazinoa ezarri zan uren kalidadearen estandar legez. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 80ko hamarkadearen hasieran jarri eban martxan programa hori, EAEn egindako ingurumen proiekturik garrantzitsuena, 1.000 miloe eurotik gorako inbersinoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu