Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako Urrezko Dominea jasoko dau
2015-11-18 13:02 KultureaGipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko Urrezko Dominea emongo deutso Juan Antonio Urbeltzi, jantzeari eginiko ekarpen oparo eta eraginkorragaitik, GFAko bozeroaile Imanol Lasak iragarri dauenez. Abenduaren erdialdean jasoko dau saria Urbeltzek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko Urrezko Dominea emongo deutso Juan Antonio Urbeltzi, jantzeari eginiko ekarpen oparo eta eraginkorragaitik, GFAko bozeroaile Imanol Lasak iragarri dauenez. Lasaren esanetan, goraipamen honen bidez, Urbeltzek Argia taldearen zuzendari hasi zanetik euskal jantzei egin deutsen ekarpen handia aintzat hartu nahi dabe. Abenduaren erdialdean jasoko dau saria Urbeltzek.
Lasak azaldu dauenez, bost arrazoi dagoz saria Urbeltzi emoteko: euskal jantza tradizionalaren jakintza zientifikoan eginiko lan handia; diziplina honetan zorrotz eta seriotasunez ekiteko sormena; argitaratutako bederatzi lanetan erakutsi dauen ikerketa teoriko zabala; euskerea zabaltzeko eta gizarteratzeko egindako lana; eta ibilbide osoan alkartasuna, eskuzabaltasuna eta lidertza erakutsi izana.
Horrezaz gan, saria euskal jantzen sektore osoari zabaldu nahi deutso Aldundiak, Gipuzkoako gizarte modernoan dauen garrantziagaitik eta komunidadea bateratzeko ahalmena erakutsi dauelako.
Bestalde, Urbeltzen jardueretan Marian Arregik izan dauen garrantzia be azpimarratu dau Lasak: Nekez uler daiteke Urbeltzen jarduna Arregik sortu eta orraztutako lan musikalak autortu barik.
Juan Antonio Urbeltz
Iruñean jaio zan, 1940an, baina txikitatik Donostian bizi izan da. 1958an, Goizaldi taldearen eskutik hasi zan jantzan. 1965an, Argia taldera igaro zan, eta talde hori zuzendu eban urte askoan. Folkloreari buruzko hizlari eta publizistea, Euskal Koreografia Atlasaren osoketea zuzendu eban.
Era berean, Goierriko Brokel jantzearen eta Otsagiko jantzen ganeko ikerlanen egilea da.
Aranzadi Zientzia Alkarteko eta Euskal Herriaren Adiskideen Alkarteko kide da, eta Eusko Ikaskuntzako Folklore saileko presidentea izan zan.
Urbeltzen lorpen handienetako bat da antxinako Axuri beltza jantzearen berreskurapena.
1985ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari izentau eben. Deia argitalpenetako lankidea izan zan, eta Dantzak idazlanaren egilea. Hona hemen Urbeltzen idazlanetako batzuk: Notas sobre las danzas tradicionales de los vascos, Bilbo, 1978; Música militar en el País Vasco; El problema del zortziko, Iruñea, 1989; Danzas de Guipúzcoa eta Alardeak, Donostia, 1995.
2007an, Urbeltzek Jimeno Jurío Saria irabazi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!