Literatura frantsesaren ganeko topaketea Bilbon
2015-11-17 13:50 KultureaValérie Mréjen idazlearen lanean agertzen dan niaren eraikuntzan oinarritutako literatura frantsesaren ganeko topaketea izango da eguaztenean, zemendiaren 18an, 19:30etik aurrera, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturgunean.
Valérie Mréjen idazlearen lanean agertzen dan niaren eraikuntzan oinarritutako literatura frantsesaren ganeko topaketea izango da eguaztenean, zemendiaren 18an, 19:30etik aurrera, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturgunean. Bilboko Institutu Frantsesagaz batera antolatutako ekitaldia Rosa de Diego kazetariak aurkeztuko dau, eta frantsesez izango da, gaztelaniazko aldibereko itzulpen zerbitzuagaz.
Antolatzaileek adierazo dabenez, Valérie Mréjen (Paris, 1969), kritikearen aldetik harrera bikaina izan dauen egungo Europako funtsezko emakume idazleetakoa izateaz gan, artista bisual azpimarragarrienetakoa be bada.
Hiru eleberri labur idatzi ditu: Mi abuelo, El Agrioll eta Eau sauvage. 2006an, Pork and Milk argitaratu eban, bere herrialdean arrakasta handia izan eban liburu-dvd formatuko saiakera-dokumentala. Haren eleberriak zinemako super 8an egindako eleberriak dirala esan dau sarri kritikeak.
Horrezaz gan, Frantzian eta Europa osoan eragin eta oihartzun gehien lortzen dagoan ikus-entzunezko sortzaileetako bat da. Artista plastiko, argazkilari eta idazle legez aintzatespen handia izateaz gan, bere filmetan etika eta poesia nahasten dakien bideo-artistea be bada, ironia, fikzinoa eta dokumentala baztertu barik.
Valérie Mréjenek biderkatu egiten ditu bere adierazpen baliabideak, lengoaiak emoten dituan aukerak hobeto aztertzeko eta bere bideoak sortzeko gomutak zein eguneroko bizitzako jazoeretan eta bere bizitzaren zehetasun krudeletan edo ironiaz betetakoetan oinarritzen da. Hainbat muetako kontakizunak nahasten ditu, ondoren barriro idazteko eta egokitzeko, horren ostean komedianteakaz edo bere inguruko personakaz lan egiteko. Valérie Mréjen idazlearen lanak San Frantziskoko Wattis Institute for Contemporary Art izenekoan, Pariseko Jeu de Paumen eta Londoneko Tate Modernen (2006) erakutsi ditu.
Kontuak kontu, topaketea bere literatur alderdian oinarrituko da batez be, eta, zehatzago esanez, bere lanean agertzen dan niaren eraikuntzan. Topaketan artisteak hartuko dau parte, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte.
Valérie Mréjen Bilbon
Artisteak sortutako lau bideo erakutsiko dira Bilbao Arteren egoitzan (Urazurrutia kalean), zemendiaren 16tik 20ra. Erakusketa bideografikoa izango da, lau film batera proiektauko ditue pantaila banatan arratsaldero. Ganera, hilaren 19an, tailer bat gidatuko dau Valerie Mrajanek berak. Proiekzinoak doban dira baina tailerrerako izena emon behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!