Gauaren espirituari dei egingo deutsie Bilbaopoesia jaialdian, urriaren 14tik 23ra

Bizkaie! 2015-10-07 14:29   Kulturea

Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Chantal Maillard, Antonio Colinas, Clara Janes eta beste artista ezagun asko batuko ditu aurten Bilbaopoesia jaialdiak. Urriaren 14an hasiko da eta hamar egunez kontzertuak, errezitaldiak eta berbaldiak egongo dira. Gaua izango da aurtengo gai nagusia.

Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Chantal Maillard, Antonio Colinas, Clara Janes eta beste artista ezagun asko batuko ditu aurten Bilbaopoesia jaialdiak. Urriaren 14an hasiko da eta hamar egunez kontzertuak, errezitaldiak eta berbaldiak egongo dira. Gaua izango da aurtengo gai nagusia.

Urriaren 14a Gabriel Aresti idazle bilbotar ezaguna jaio zan eguna dan ezkero, data hori aukeratu dabe Bilbaopoesia jardunaldiei ekiteko. Jon Kortazarrek zuzenduta, mahai-ingurua egingo dabe euskal letretako hiru izen handik, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta Ibon Sarasolak hain zuzen. Gabriel Arestik euskal literaturea barritzeko egin eban lana eta hiru idazleek Arestiz daukien gomutea jorratuko ditue.

Urriaren 15eko saioa frantsesezko literatureari buruzkoa izango da. Clara Janes eta Zeno Bianu-k errezitaldia eskainiko dabe. Barikuan lau poeta konbidauko ditue, Miriam Reyes, Yolanda Castaño, Sholeh Wolpe eta Miren Agur Meabe.

Zapatuan saio bi egongo dirala aurreratu dabe Bilbaopoesiako arduradunek. Batetik, goizean, Bilboko Erriberako merkaduan errezitaldi poetikoa antolatu dabe, Miriam Reyes, Ana Perez Cañamares eta Itziar Minguezegaz. Arratsaldean, Rafael Berrio kantautore donostiarrak kontzertua eskainiko dau. Domekan, Galatea taldearen Negro total ikuskizuna aurkeztuko da.

Bilbaopoesiaren bigarren astea hasteko, ikusmin handia eragin dauen topaketea antolatu dabe urriaren 19rako: Antonio Colinas poetearen eta Lina Tur Bonet biolin-jolearen arteko solasaldia izango da, musikea eta olerkia buztartuta. Hilaren 20an, Chantal Maillardek bere poemak errezitauko ditu, Chefa Alonso eta Jorge Friasen doinuek lagunduta.

Urriaren 21ean hiru artistak igongo dabe oholtzara: Marina Perez Fernandez, Miguel Cuadrado Gonzalez eta Pablo Gonzalez Langarikak. Biharamunean, euskal idazleen errezitaldia egongo da, Harkaitz Cano, Karmelo Iribarren eta Jose Fernandez de la Sotagaz. Jaialdia amaitzeko, urriaren 23an, Asociacion Artistica Vizcainak antolatutako emonaldia egingo dabe.

Bilbaopoesiako ekitaldi guztiak dobakoak dira eta lekuak amaitu arte sartu ahal izango da. Urriaren 16koak izan ezik, ekitaldi guztiak Bidebarrieta liburutegian egingo dira, arratsaldeko 19:30ean. Aurten, gaua izango da gai nagusia. Kontzeptu horrek sorkuntza literarioan daukan eragina aztertuko dabe eta gauaren espirituaren bila ibiliko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu