Joxemiel Bidador pastorala Iruñean antzeztuko dabe zapatuan

Bizkaie! 2015-10-06 11:15   Kulturea

Gazte hil zan Joxemiel Bidador (1970-2010) baina ondare zabala eta jarrera eredugarria itxi zituan. Haren bizitzeari buruzko pastoral bategaz omenaldia egingo deutsie Nafarroako kultur munduak eta euskalzaleek zapatuan. Zuberoako tradizinoari kasu eginaz eratu dabe ikuskizuna eta, ganera, astean zehar be ekitaldi ugari egongo dira, Bidadorren lana gogora ekarteko. Sarrerak agortu egin dira.

Gazte hil zan Joxemiel Bidador (1970-2010) baina ondare zabala eta jarrera eredugarria itxi zituan. Haren bizitzeari buruzko pastoral bategaz omenaldia egingo deutsie Nafarroako kultur munduak eta euskalzaleek zapatuan. Zuberoako tradizinoari kasu eginaz eratu dabe ikuskizuna eta, ganera, astean zehar be ekitaldi ugari egongo dira, Bidadorren lana gogora ekarteko.

Historialari, filologo, jantzari, ikerlari, irakasle eta idazle izan zan Joxemiel Bidador. Euskal kulturako ondarea ikertzen eta berreskuratzen lan handia egin eban, batez be Nafarroan. Pastoral bategaz omenduko dabe zapatuan. Iruñeko Euskaldunon Biltokiak, Karrikiri alkarteak, Duguna jantza taldeak eta Zaldiko Maldiko kultura alkarteak bat egin dabe antolakuntzan. Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak izenaburua emon deutsie pastoralari, Bidador bera dalako obrako protagonista nagusia.

Ihitz Iriart zuberotarra eta Aritz Ibañez Duguna taldekoa izango dira pastoraleko errejentak, hau da, obrea zuzenduko dabenak. Iriart aktore be izango da, beste dozenaka antzezlegaz batera. Ez da ohikoa pastoral bat Zuberoatik kanpo antolatzea eta arduradunek aurreratu dabe, antzekotasunak eta desbardintasunak egongo dirala ohiko pastoralakaz. Jon Alonsok idatzi dau obrearen oinarrian dagoan testua. 

Pastoraletan ohikoa danez, eguerdi aldean kalerik kale ibiliko dira giroa sortzen. Ondoren, emonaldia bera egingo dabe Burgoen plazan. Eguraldi txarra balego, Labrit pilotalekura aldatuko leukee ikuskizuna. Sarrera guztiak salduta dagoz eta horregaitik eskerrak emon deutsie antolatzaileek euskalzale guztiei.

Pastoralaren osagarri, aste barruan berbaldiak eta aurkezpenak antolatu ditue Iruñean. Esate baterako, eguaztenean, urriak 7, Patxi Larrionek egingo dau berba Zaldiko Maldiko alkartean (20:00). Joxemiel Bidadorrek egindako lana gogoan hartu eta Nafarroan euskalgintzan dagozanei gorazarre egitea izango da zapatuko ekitaldiaren asmoa. Antolatzaileek gogora ekarri dabe auzolanean egindako proiektua dala hau eta ehun bat personak parte hartu dabela guztia martxan ipinten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu